Partikula subatomikoak sekulako energian talka eginaraztea da Genevan, Frantzia eta Suitzaren arteko mugan, dagoen esperimentu erraldoiaren xedea. Hadroien talkak eraginez, partikulen fisikako teoria estandarrean argitu gabe dauden galderei erantzuna bilatu nahi diete fisikariek, eta, helburu horrekin eraiki zuten talka eragingailu izugarria, inoizko esperimentu handi eta garestiena.
Atzo gauean lur azpian 100 metrora dagoen 27 kilometroko tunel zirkularrean 1,18 TeV-eko (tera elektron-vol) energian jarri zituzten alde bietarako partikula sortak. Orain arteko errekorra gainditu zuten horrela, Batavian (Chicago, AEB) dagoen Tevatron azeleragailuak zuen 0,98 TeV marka gaindituz. 1 TeV bilioi bat elektronvolt da.
Dena den, energia marka horiek hautsiz joango dira hemendik aurrera LHCn aurreikuspenen arabera urte gutxitan gai izango baitira 14 TeV-ko energia talkak lortzeko, partikula sortak 7 TeVtan azeleratuta. Higgs bosoia 7 TeVko talketan (3,5 TeV sortako) agertzea espero dute.
Inauguratu eta egun gutxira matxuratu zen LHC 2008an. Urtebeteko konponketa eta hobekuntzen ostean, orain 10 egun jarri zuten atzera abian azelegailua eta duela astebete injektatu zituzten lehen protoi sortak.
zientzia
Energia errekorra ondu dute LHC azeleragailuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu