Energia-olatuak programaren barruan, banakoek edo irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkeztutako proiektuak laguntzeko, 2.016 euroko 60 laguntza eta 20.160 euroko sei emango ditu Donostia 2016 fundazioak 2015ean (241.920 euro guztira), eta 75 herritarrek osatutako epaimahai batek erabakiko du aurkeztutako proiektuen artean zeintzuei lagundu. Gisa horretako laguntza gehiago ematen jarraituko du, gainera, Donostia 2016 fundazioak 2016an. Ekimen honen bidez, Donostia 2016 egitasmoaren energia-olatuak inoiz baino “ukigarriago” sentituko direla adierazi du Xabi Paya Donostia 2016ko kultur zuzendariak.
Martxoaren 1etik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte banakoek nahiz irabazi asmorik gabeko elkarteek beren proiektuak. 2.016ko euroko laguntzak eskatzeko “euskararen lurralde geo-politikokoa” izan beharko da, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko edo Akitaniako Pirinio Atlantikoko Departamenduko herritarra. 20.160 euroko laguntzak eskatzeko aski izango da Europako Batasuneko herritar izatea.
Laguntzak nori eman Ardora organoak erabakiko du, proposamen guztiak aztertu eta gero. Donostiako Udalak zozketaz aukeratutako 75 donostiarrek osatuko dute epaimahai hori. Zozketan epaimahaikide izateko aukera bereganatzen duen donostiar herritarrak ezezkoa eman ahal izango du; kasu horretan, haren ordez beste bat bilatuko da, hura ere zozketa bidez. Ardora organo autonomoa izango da, baina Donostiako Udala “lagundu” egingo du bere zereginetan, Enara Garcia Donostia 2016ko kultur zuzendaritzako kideak azaldu duenez.
Proiektuak ohiko postaz, posta elektronikoz nahiz online aurkez daitezke. Inprimakia Donostia 2016ren webgunean dago eskuragai, eta baita beharrezko informazio guztia ere.