Madrilgo erietxe batean dago Enrique Morente flamenko kantaria. Ultzera bat zela eta, bost orduko ebakuntza egin zioten joan den ostiralean, eta hurrengo astelehenean, operazio osteko hainbat arazo jasan zituela eta, ZIU Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu behar izan zuten. ZIUn jarraitzen du musikariak, eta albiste agentziek zabaldu zutenez, «lasai eta egonkor» zegoen atzo arratsean. Familiaren inguruko iturriak aipatuz El País egunkariak bere webgunean zioenez, berriz, lasaigarriak emanda zeukaten bertan. Datozen orduetan medikuen eskutik berri gehiago izatea espero du kantariaren familiak.
El barbero de Picasso azken diskoa joan den azaroaren 25ean kaleratu zuen Morentek, eta hura aurkeztekoa zen Euskal Herrian. Baina haren egoera dela eta, bertan behera utzi dituzte emanaldiak. Donostiako Kursaalean igandean, Bilboko Arriaga antzokian astelehenean, Iruñeko Gaiarre antzokian asteazkenean eta Gasteizko Principal antzokian ostegunean kontzertu bana eskaintzekoa zen. Aretoek jakinarazi dute ohiko bideetatik itzuliko dutela erositako sarreren dirua.
Granadako (Espainia) Albaicin auzoan jaioa da Morente, eta flamenkoaren ahots garrantzizkoenetakotzat jotzen da. 1967an kaleratu zuen lehen diskoa, Cante flamenco, eta, ordutik, bide berrietara eraman du flamenkoa hainbat lanetan. Hilaren 25ean 69 urte betetzekoa da Morente.
Enrique Morentek Madrilgo klinika batean jarraitzen du, ZIUn, baina «egonkor» dago
Donostia, Bilbo, Iruñea eta Gasteizen flamenko kantaria eskaintzekoa zen kontzertuak bertan behera utzi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu