Bi ahotsetara

Entzule perfektua

Xabier Erkizia.
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ia bizitza osoa ematen dugu hizlari onak, onenak izateko ikasten. Ikastolan eta etxean hala irakatsi ziguten: ahoskera landu behar dugu, hizkera hobetu, hitz egokiak topatzeko hiztegi aberatsa landu, hizkuntza zuzen, garbi eta elegante erabili... Solasean ikasi genuenetik erakutsi digute hor gordetzen dela arrakastaren sekretu garrantzitsuena, ingurukoen arreta jasotzeko giltza, boterearen abilezia.

Arauak nahikoa argiak dira. Lehendabizi, erabaki zein den zure helburua, eta ez baduzu ere, ez onartu inoiz helbururik ez duzunik. Gero, erabaki entzulea informatu, emozionatu edo engainatu nahi duzun. Hartu arnasa sakon, erlaxatu giharrak. Ezagutu zure entzuleria, erabaki nori zuzendu nahi dizkiozun hitzak, nola, zergatik. Edozein modutan, ez urduritu, hitz egin lasai, izan zu zeu eta ez saiatu ez zaren inor izaten. Ez luzatu gehiegi azalpenetan, ez erabili behar baino hitz gehiago eta azaldu zure ideiak ahalik eta modu zehatzenean. Saia zaitez beti egia erraten, inoiz ez gezurrik, eta horretarako arriskurik dagoela uste baduzu, egin arin salto bertze gai batera, baina ez zaitzala inork inoiz zalantzan harrapatu! Eta bereziki, ez inprobisatu, inprobisatzen duenak ez baitu zertan ari den pentsatzeko betarik, eta, gainera, pasioek eramaten uzteko arrisku handiegia du.

Entzuten, aldiz, inor gutxik irakasten digu, eta erakutsi izan digutenean ere, gehienetan indarrez edo behartuta ikasi dugu. Instrukzio orririk gabe, soilik agindupean. Eta hizlariak ongi daki hori.

Entzuleak, ez. Hark ez daki ze helbururekin entzuten duen, ez daki zehazki nor den, urduri dago, eta, gainera, ez duenez ongi ahoskatzen, bere buruaz lotsatu egiten da. Entzulea beti da gezurretan noiz harrapatuko duten beldur. Beti zalantzan, beti arriskuan. Entzutea etengabeko inprobisazio ariketa delako, eta bereziki pasioen eskutik eramaten uzteko modua. Eta gu, oraindik, hizlaririk onenak izateko ametsetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.