Katuajeak

Entzun nahi ezko lurrikarak

Lorea Agirre.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Lurrikararen zarata ozeanoaren barrenetik entzutea gauza harrigarria da. Miresgarria, eta ederra. Burrunba ito bat, indar bete-betean. Sarean dago entzungai Japoniako lurrikara gertatu zen unean berean Fukushima inguruko itsasoak bota zuen orroa. Bartzelonako soinu laborategi baten egitasmoa da munduko itsasoetan mikrofonoak jarri eta itsasoaren ahotsekin soinu artxibo bat osatzea.

Harrigarri da Fukushimako zentral nuklearrak sortu duen sarraskiaren ondotik energia nuklearraren aldeko aldarriak entzuten jarraitzea. Aldarri zentzudun eta arrazoituak, jakina. Zer den kasualitatea gertuen dugun zentral nuklearra eta Japonian lehertu den hori bera, zentral bikiak dira: adin bereko, teknologia bereko, sistema bereko eta ekoizle bereko. Garoña eta Fukushima. Hainbeste maite dugun urruneko herriekiko anaitze horietako bat.

Ez dira bederatzi hilabete Fukushimako zentral nuklearreko buruak Garoñan izan zirela. Burgosko egunkari batek jaso zuen kronika: Japonia munduan buru dabilela zentral nuklearren kontrol sistema berrienak aplikatzen; Garoña bi urte barru ixteko arrazoi garbirik ez duela ikusten esan ziela kazetariei Fukushimako zentraleko buru Takeyuki Inagakik: «Zentral nuklear batek teknikoki posible den arte funtziona dezake, urteek ez dute zerikusirik». Eta igual arrazoi izango du. «Zentral nuklear bat ixteko arrazoi bakarra ekonomikoa da». Ekonomikoa bakarrik. Errealitateak titularra izorratu dio aditu handiari. Asko ikasi omen zuten japoniarrek Garoñan. Bereziki langileek egunero jasotzen duten erreaktibitate maila jaisten joateko Garoñan indarrean jarri berri zuten lan txanden sistemak eman omen zien atentzioa.

Gidoi idatzi bat da guztia. Beldurrezko gidoi bat. Fikzioa balitz. Justu orain hogeita bost urte Txernobyl hozten eta itzaltzen ibili ziren langileetatik asko bi aste pasa baino lehen hil ziren hilko zirela jakitun zirela. Fukushiman bi dagoeneko desagertu dira zentral nuklearraren barrenean. Jan egin ditu. Bi heroi gehiago Fukushimako munstro nuklearra gai duela Hollywoodek beste film bat egin dezan datorren udazkenerako.

Soinu banda itsasoaren orroa izan lezake. Egia esan, ederra da begiak itxi eta itsas azpiko lurrikara entzutea, kasik lasaigarria. Poetikoa. Naturaren soinua. Eta aldi berean tragedia izugarri bat da lurrikara bera lur gainean. Zenbat lurrikara baina ez dira entzun ere nahi izaten, sukaldeetan, sotoetan, izuaren gordelekuetan barrena gertatzen direnak. Ez horiek bakarrik. Ez da hori bakarrik. Ez da bakarrik kutsadura nuklearra, ez da bakarrik diruaren lege hutsa, ez da bakarrik gero eta baztertu, pobre eta ez-gai gehiago sortzen dituen gure bizimodua, ez da bakarrik progresoaren zakur ametsaren gezurra, ez da bakarrik janari pozoindua, ez da bakarrik gizon eta emakumeak penatzeko, gaixotzeko, erotzeko, gure gizarte eredu honek duen indarkeria sinboliko maila, ez da bakarrik sistema kultural honi aitortzen diogun gaitasun eta zilegitasuna, ez da bakarrik logikoa da esaten denean ilogikoena izatea, ez da hori bakarrik. Dena da. Entzuten ez diren edo entzun nahi ez ditugun lurrikara guzti horiek dira, egunero urratsez urrats aurrera egin dezaten lerroan eta zintzo guztiok bultzatzen ditugunak. Segi aurrera, zuzen, eta amildegi batera iritsiko zara, behin bertan, egin salto, eta jarraitu, beti aurrera, zuzen, ez begiratu atzera. Progresoaren ibilbide orria. Eta aholku bat: ez izan trixte pena jale bat, izan zoriontsu, eta segi txarangaren erritmoari, kalejiran, erreaktibitatez neurriz, dotoreziaz eta diru ordainez kutsatutako Garoñako langile finek sortu duten rapa kantatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.