Koronabirusaren krisiak eragindako egoeraren ondorioz, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak erabaki du bertan behera uztea 2019-2020ko denboraldia amaitu bitarte eman behar zituen kontzertuak. Ekainaren 4an zen bukatzekoa denboraldia, baina egoera ikusita programatuta zeuzkan emanaldi guztiak bertan behera uztea hobetsi dutela jakinarazi du EOSek, prentsa ohar baten bidez. Azaldu duenez, pandemiari aurre egiteko neurriek denboraldian izan duten eragina «handia» izan da, eta horren erakusle dira egin gabe geratu behar izan duten ekitaldiak, hala nola abonu denboraldiko 25 emanaldi, Miramongo Matineetako beste sei, Musika Familian egitasmoko hainbat kontzertu, eta Musikasteren gisako beste zenbait jarduera.
Ohiko kontzertuen faltan, orkestrak zehaztu du #EuskadikoOrkestraEtxean izeneko egitasmoan jarri dituela indarrak. Hor plataforma digitalen bidez «askotariko edukiak» zabaltzea da EOSen xedea; tartean, orain arte musikariek etxean egin dituzten bideoak. Horien artean, azaldu du «bereziki arrakastatsua» izan dela joan den apirilaren 8an aurkeztu zuten Agur jaunak eta andreak abestiaren bertsioa, zeinetan 50 bat musikarik parte hartu zuten. Egitasmo beraren barruan, halaber, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean Izaro abeslariarekin grabatutako hiru bideoklip ere aurkeztu zituzten —Errefuxiatuena, Koilarak eta Tu escala de grises—, eta «dozenaka mila» bisitari izan zituzten sare sozialetan. «Hori guztia osatzeko, beste multimedia eduki batzuk ere zabaldu ditu orkestrak: Denboraldiaren inaugurazioan interpretatutako obrak hedatu ditu Youtuberen bidez, zuzenean grabatutako hainbat kontzertu jarri ditu eskuragai webgunean, eta haurrentzat grabatutako ikuskizunak ere aireratu ditu, besteak beste». Ildo horri segida emateko asmoa agertu, eta «epe laburrean ekimen berriak» aurkeztuko dituela ere jakinarazi du orkestrak, «musika publikoari helarazteko helburuarekin, beste formatu eta bide batzuk erabiliz».
Heldu den denboraldiari begira, berriz, iragarri du dagoeneko diseinatuta dagoela eta «laster, datozen asteetan» aurkeztuko dutela. «Osasun eta segurtasun jarraibideen zain geratu beharko dugu bitartean, denboraldiari nola aurre egin erabakitzeko», gehitu du.