Epel eta goibel

Arkaitz Mendoza.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Lekua: Kursaal auditoriuma (Donostia). Eguna: abenduak 1.

Arkaitz Mendoza

Hotz kalean, epel auditorioan. Desio horrekin sartu ginen entzuleak Emanuel Ax pianistaren kontzertua entzutera; kaleko hotz dardarak Schubert goxo eta epel batekin ordezkatzeko premiarekin. Hala ere, hoztasuna iraunkorra izan zen taulapean. Teknika garbia, teklatuan barrena sortzen diren oztopoak gainditzeko erraztasuna eta mezzopiano dinamikan eroso sentitzen den pianista poloniarra dugu Ax, nahiz eta bere musika ikasketak eta interpretatze jokoaren jatorria Ipar Amerikan kokatu. Schuberten op. 142 Impromptu erromantikoak ez ziren epeltasunera hurbildu, melodia errepikatzen den bakoitzean Ax-en soinu eratzea berbera baitzen aldioro.

Musikaren oinarrietako bat betidanik izan da esaldi, zelula melodiko edota erritmiko baten errepikapen zorrotza. Bata bestearen jarraian jarduten den melodia bat ozentasunera abiatu daiteke edota itzaltzerainoko soinu ñimiñorantz; aldiz, Ax-ek errepikapen iraunkor eta lehiakorrak garatu zituen errezitaldi osoan zehar, Schubertek dituen harribitxiak ezabatzeraino. Baliabide teknikoak soberan ditu pianista honek, baina pianoari xurgatu behar zaizkion soinu kolore mota anitzak ezerezean geratu ziren.

Hain ameslari den Schuberten D664 Sonata ildo beretik abiatu zen, egokitasunetik ihes egin gabe, ederto, zuzen, txalotzeko interpretazio duina, baina ordu pare batean artista batek helarazi behar dituen esentzia kilikagarriak ez ziren inondik inora nabarmendu.

Etenaldiaren ostean Chopin genuen adierazita egunetik egunera geroz eta akats gehiago dituen eskuko egitarauan. Aspermen gaindigaitza izan zen eta entzute arreta geroz eta makalagoa. Barkarola, op.59 Mazurka-k, op.27 Nocturno-ak eta 2. Scherzo-a luzeegiak izan ziren Ax-en pianotik jariatzen ari zen soinu goibela entzunda. Nortasun falta nabaritu zen Ax-en egitekoan, ganbera musika lantzeko beharrezkoa den soinuaren erdi mailako dinamika menderatua du poloniarrak, baina bakarlari gisa azaldu behar diren baliabide ezberdinak motz geratu zitzaizkion, errezitaldi epel baten gura, goibel eta hotz bihurtzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.