Zuhaitza osatu du. Naturak bere lege eta denborak ditu, ordea, eta halaxe literaturak ere. Horregatik kosta egin zaiola aitortzen du Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948), baina burutu du obra, Orbe familiaren istorioez osaturiko trilogia mardula. «Beste ahuldade batzuk baditut baina idatzi eta lan egiteko gogor samarra izan naiz; hala ere, ederki kostata amaitu dut lan hau, eta arintasuna eta liberazioa sentitu ditut». Nor bere bidean (Elkar) plazaratu berri duen nobelaz ari da.
Nor bere bidean. Eta Joan Mari Irigoien literaturarenean. Bizitzari begiratzeko talaia du literatura. Literaturaren bidez azaldu ditu azken 40 urteotan bere kezka existentzialak, galderak... Eta kezka zein galdera horiek beti bitasunetik abiatuta, kontrako jarreren dialektikak egituratu du, orobat, Irigoienen narratiba -Oilarraren promesa (1983) edota Babilonia (1989), adibidez-. Eta Nor bere bidean nobelak ere bitasun nabarmen bat planteatzen du, orbetarren sagako azken belaunaldiko bi anaiek ordezkaturik. Damaso eta Gabino, txikitatik norgehiagoka isil eta itsua bizi izan dutenak, izateko sentitzeko eta pentsatzeko bi era kontrajarriren isla. «Bi anaia jokoan jarri ditut, erlijioaz eta politikaz ari daitezen. Damaso, ateoa eta Espainia zalea da. Gabino, erlijioso frantziskotarra eta abertzale sutsua». Ateoa dena espainiarzaletasunarekin lotzea eta erlijiosoa euskalzaletasunarekin lotzea «a posteriori iritsi zen kontua da», Irigoienek azaldu duenez: «Ez dezala inork pentsa aurrez horrela pentsaturik nuenik, istorioak berak eskatzen zuen horrela izatea».
Zuhaitzaren metafora darabil Irigoienek trilogia azaltzeko. Bestea da mundua (2008) izan zen aurreneko alea. Zuhaitz baten sustraiekin alderatzen du idazleak XIX. mende amaieran abiaturiko istorioa: «Zati hori gurasoen munduari lotua dago: beren ametsak eta helburuak eskuratzeko, zer oztopo aurkitzen dituzten. Kontatzen diren istorioek eta albo-istorioek sustraiak osatuko lituzkete». Bigarrenak, Haragiaren gauak eta egunak (2009)liburuak«enborra» ordezkatzen du: «Gurasoen eta seme-alaben joan-etorriak eta beren arteko harremanak kontatzen dira... Esango nuke nik egindako zuhaitz edo zuhaitz ustezko horretatik, enborra dudala zatirik ederrentzat... ederrik izatekotan».
Bigarren zati horretan, bi semeen -Damaso eta Gabino- kontakizunean, etena egin behar izan zuen Irigoienek, hirugarren liburu baterako protagonista egoki izan zitezkeela jabetuta. Eta bi anaien dialektikarekin osatu du, hain zuzen ere, zuhaitzaren «hostaila eta hostailaren itzala».
Dialektika epistolarra
Bi anaien arteko mundu kontrajarrien talka adieraztezko genero epistolarra hautatu zuen Irigoienek, bi anaiek elkarri bidaltzen dizkioten gutunen bidez landu zuen eleberria: «Biak pertsona kultuak dira, eta bai, hasieratik beretik lehen pertsonan jarri nituen biak, nor bere baratzeaz mintzatzen zela. Esperimentuak ondo funtzionatzen zuela iruditu zitzaidan. Gainera, beste bi liburukiak hirugarren pertsonan kontatuak zeuden nagusiki, eta zergatik ez hirugarrenean ikuspuntua aldatu, horretarako aukera banuen?».
Bi protagonisten ideien bitartez Irigoienek jainkoaren eta erlijioaren inguruko kezkak planteatzen ditu, «geroz eta gehiago jakin orduan eta gutxiago dakienaren» ikuspegitik: «Nik neure ideiak ditut, baina bi protagonistekin ahalik eta zintzoen jokatzen saiatu naiz. Ni sinestun bezala agertu izan naiz, oso era poetiko bezain heterodoxoan sinesten badut ere. Alde horretatik, Gabinorekin adosago egon naiteke Damasorekin baino; baina ni ere Damaso batek bizi nau, poeta izan naiteke, bai, baina zientzietako karrera bat ere egin nuen, arrazoia erabiltzera naramana, eta ni bizi nauen Damaso hori ere agertzen saiatu naiz: ez, ordea, Damaso kaxkar bat, Damaso zorrotzena baizik».
Orbetarrekin izandako harremanak nekea eragin dio Irigoieni, baina ez dio gogorik kendu zuhaitz berriak sortzeko ahaleginari berriz heltzeko. Trilogia idazti aurreko pare bat zirriborro, armen negozioari lotutako beste istorio bat, poema liburu bat... egitasmorik ez du falta: «Gustatuko litzaidake proiektu hauek guztiak bukatzea. Bukatu ere egingo ditut, bizi banaiz eta burua bere lekuan baldin badaukat».
«Era poetikoan naiz sinestuna»
Jainkoari buruzko dialektika du ardatz 'Nor bere bidean' liburu berrian Joan Mari Irigoienek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu