Hilberria. Michel Duchaussoy

Erabateko antzezlea

Igor Susaeta.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ez zen filmak egitera mugatu. Edo antzerki obretan parte hartzera. Edo foiletoietako izar izatera. Ez. Hirurak uztartu zituen Michel Duchaussoyk. Erabateko antzezlea zen. Goitik beherakoa. Parisen hil zen atzo, bihotzekoak jota. 73 urte zituen. Louis Malle, Claude Chabrol edo Costa Gavras zuzendariekin lan egin zuen, 50 urteko ibilbide emankorrean.

Valenciennesen, Frantzia iparraldean, jaio zen 1938an. Lillera jo zuen nerabe zela, eta han Letrak ikasi zituen. Gero, Parisko Arte Dramatikoen Kontserbatorioan osatu zituen ikasketak. Argi zegoen, hortaz, gazte-gaztetatik konturatu zela antzezlea izan nahi zuela. 1961ean egin zuen debuta zineman, Malleren Vie privée filman. Baina batez ere Chabrolen aktore kutunenetako bat izan zen. Haren bost filmetan parte hartu zuen. Alain Jessua zuzendariaren Jeu de massacre (1967) filmean egindako lanak famatu zuen, ordea.

Antzerkigintzan ere aktore ezagun askoa izan zen. 1964an Parisko Frantziar Komedia antzokian —aktore konpainia propioa duen antzoki bakarrenetako bat da munduan— hasi zen lanean, eta 1967an kide bilakatu. Jean Baptiste Poquelin Moliere, Luigi Pirandello edo Pierre de Marivauxen obrak antzeztu zituen, esaterako. 1984tik zen konpainiaren ohorezko kidea.

Telebistan, berriz, Un juge, un flic telesaileko protagonistetako bat bihurtu zuen Henri Viardek (1977). Halere, agertokian aritzeaz edo kameren aurrean jartzeaz gain, bikoizketan ere abila zen. Adibidez, berak bikoiztu zuen frantsesera Marlon Brando Vito Corleoneren rolean, The Godfather film mitikoan (1972).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.