Bi dira V. Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketaren helburuak. Batetik, euskarazko komikigintza sustatzea. Eta bestetik, idazmena eta sormena euskaraz lantzea. Beraz, Euskal Herriko komikigintza berriaren erreferente nagusietako bat izan nahi du Tolosako Galtzaundi euskara taldeak hauspotutako lehiaketak, eta egile berrien erakusleiho bihurtu.
Amaia Doyague Galtzaundiko kidearen esanetan, «arrakasta handia» eduki du lehiaketak aurreko lau aldietan. «Ez da harritzekoa, euskarazko komikigileek ez daukatelako non argitaratu». Iruditzen zaio, gainera, lehiaketak ateak irekitzen dizkiela egileei, «komikiak argitaratzeko, liburuak ilustratzeko edo aldizkari zein egunkarietan kolaboratzeko». Egitasmo parte hartzailea da, eta azkeneko lau urteotan «Euskal Herriko txoko guztietako adin guztietako gizon eta emakumezkoen lanak» jaso dituzte.
Estilo aniztasuna nabarmendu du Kike Amonarriz epaimahaiko kideak. «Manga motakoak, poetikoak, genero beltzekoak, underground lanak...». Sarituak aukeratzerakoan, «istorioaren bizitasunari, originaltasunari, idazmenari eta teknikari» begiratzen diete. Baina alde grafikoari bakarrik ez, linguistikoari ere, istorioari, arreta jartzen diote, helburuetako bat hizkuntzaren lanketa delako. «Hortaz, testudunak izan behar dute».
Datorren azaroaren 23ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak, eta sariak hiru mailatan banatuko dituzte. 18 urtetik gorakoen mailako irabazleari 600 euro emango zaizkio, eta haren komikia argitaratuko dute.
Erakusleiho izateko
V. Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketak idazmena eta sormena euskaraz lantzea du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu