Igandearekin bukatu da 47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka eta, Gerediaga elkarte antolatzaileek esan duenez, erakustokietakoek, editoreek, sortzaileek eta saltzaileek "pozik" amaitu dute, "espero baino salmenta handiagoak izan dituztelako".
Haren arabera, "oso urte gogorra izan da 2012a liburu-disko salmentan, oso modu nabarian eragin duelako krisiak, argitaletxe, diskoetxe eta ekoiztetxe guztiek nabarmendu dutenez. Nahiko ezkor zeuden argitaletxeak aurtengo Durangoko Azokara begira. Azokan, baina, gorakada izan dute salmentek. Frogatzen da, hortaz, azokan gertatzen dena ez dela urtekoaren isla; oasi ala arnasgunea da disko eta liburu azoka. Azokan erosleen aldetik beste jarrera bat ikusten da".
Iazko bisitari kopurua gainditu egin dela ere jakinarazi du, azokak aurten egun bat gutxiago izan arren —ostegunean hasi zen—. Gainera, "guneek, berrienek ere, erantzun oso ona izan dute".
Gerediaga elkartea bera ere "oso pozik" geratu da, "argi geratu delako, edozein eragin edo koiuntura okerren gainetik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskal kulturaren erreferentzia nagusia dela".