Tindersticksen hasierako hiru kidek taldea utzi zuten 2003 inguruan. «Garai mingarria izan zen hura», adierazi du Stuart Staples abeslariak taldearen webgunean. «Baina orain konturatu gara erabaki zail haiek zuzen hartutakoak izan zirela». Uste du beren musikak «forma diferente bat» garatu duela orduz geroztik, eta iraganean ez atzera ez aurrera geratu izan balira ez zutela inoiz hori lortuko. Aldaketak gorabehera, 1991n Nottinghamen (Ingalaterra) sortutako talde bikain hori izaten jarraitzen du Tindersticksek. Urteak pasatu arren, berezko dotorezia erantzi ezin duena. Nahi ez duena, gainera. Detaileak inork ez bezala zaintzen dituena. Pop klasikoko taldeen eta jazzeko big band handien artean soinu propioa lortu duena. Hiru urteren ondoren, Donostian joko du bihar, Viktoria Eugenia antzokian (20:00), eta estudioko bederatzigarren lana aurkeztuko du: The Something Rain (City Slang/Music as usual).
Taldearen jarraitzaileek, beharbada, ez dute aurreko diskoekin konparatuta halako aldaketarik topatuko lan berriko bederatzi abestietan. Baina horiek entzun ondoren konturatuko dira Tindersticksek ez duela hutsik egiten. Nekez erantziko duela dotorezia. The Something Rain-ek, agian, ez du mundua aho zabalik utziko, haien lehen hiru diskoekin —Tindersticks I (1993), Tindersticks II ( 1995) eta Curtains (1997)— gertatu zen bezala.
Dena den, unerik zailenetan ere, sortzerako orduan bereizgarri batzuei eutsi die taldeak. Waiting for the Moon (2003) argitaratu ondoren, adibidez, «sekula» ez zela berriro oholtzara igoko, sekula ez zuela berriro kantatuko aitortu zion Staplesek BERRIAri, 2009an Donostian emandako kontzertuaren aurretik. Hain zuzen, Staplesen ahots sarkorra da bereizgarri horietako bat. Eta bakoitzaren malenkonia sortzen den tokian ereindako orkestra moldaketak. Eta soul doinuak… Eta fintasun erabatekoa, doinuak intentsoagoak izanda ere.
Bost musikariko talde «estua» osatu dutela esan du Staplesek.David Boulder da hitzen egilea (perkusioa, kanpaiak eta teklatua), Neil Fraser gitarra jotzailea, Earl Harvin bateria eta perkusioa eta Dan McKinna baxua eta teklatua. Grabaketan orkestrarako moldaketak egiten lagun izan dituzte Thomas Bloch, Terry Edwards, Andy Nice, Julian Siegel eta Will Wilde. Gina Fosterrek, berriz, koruak egin ditu abesti batzuetan. Show Me Everything-en, adibidez. Tindersticksen beste abesti askok bezala, horrek ere kutsu gautarra dauka, eta aurrera egin ahala indarra hartzen du, gitarra riff errepikakor batean oinarrituta. Fosterrek This Fire of Autumn-en ere abesten du. Frozen da diskoaren beste harribitxietako bat. Saxofoia kiribildu egiten da gitarra zorrotz eta perkusio oinarri erritmikoetan barrena. The Medicine-n gustura luzatzen da Staples bere hizketaldian, eta Slippin' Shoes-en, berriz, Hammond organoak eta bateria doinuek hartzen dute protagonismoa. Hasi, ordea, Chocolate-ekin hasten da diskoa. Giro zinematografiko nabarmeneko errezitaldi musikatua da. Gauza ohikoa Tindersticks taldean.
Gauza ezagunen plazera sentituko dute bihar kontzertura hurbiltzen direnek. Joan den otsailaren 20an kaleratu zuten diskoa, eta jadanik Alemanian, Frantzian, Belgikan, Suitzan, Danimarkan eta Herbehereetan aurkeztu dute. Bihar, Viktoria Eugenian, 1999an eta 2009an bezala. Dotorezia erantzi gabe, gainera.
Erantzi gabeko dotoreziarekin
Tindersticksek 'The Something Rain' lan berria aurkeztuko du bihar Donostiako Viktoria Eugenian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu