Erbestealdiaren saminetik sorterriaren maitasunera

'Jose Mendiague' pastoralaren lehendabiziko agerraldiak 3.500 ikusletik gora etorrarazi ditu Arrokiaga herriraEuskarazko kantuek ez ezik, gaztelaniaz emandako biek ere lortu dute arrakastarik

Pastoraleko arizaleak eta ikusleak, Arrokiagan, joan den igandean. Eguraldia ezin egokiagoa izan zen pastoralaren emanaldirako. GAIZKA IROZ.
Arrokiaga
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Denbora lehen-lehena dizügü [Eguraldia oso egokia daukagu]»: hori entzuten zen askotan Arrokiagan (Zuberoa) igandean eman zuten Jose Mendiague pastoralaren ikustera joan zirenen artean. Halaxe baitzen ere. Eguraldi hodeitsua egon zen egunez, baina, iparraldeko haizea izanda, euri egiteko arriskuak baztertuta zeuden. Kanpoan jokatzen den ikusgarri oro bezala, pastorala eguraldi gorabeheren menpeko da. Guztiz txarrena euria gertatzea da, jakina, orduan dena baita hankaz gora geratzen... Eta hori larria da, trajeriak —hori da pastoralaren izen zaharragoa— gaur egun dauzkan kostuengatik. Pentsa dezagun, Arrokiagak eratu duen Jose Mendiague pastoralaren aurrekontuak... 150.000 euroraino igoko dira!

Aro eguzkitsua egokia dela uste izan daiteke, baina horrek ere alde txarrik badu, batik bat sargori egotean. Gogoan eduki behar da hiru ordu eta erdi-lau ordu inguru irauten duela pastoral batek eta, anitzen kasuan, adineko jendearentzat bereziki, hori jasangaitza dela.

Dena den, joan den igandean, aro guztiz egokia izan zen Arrokiagako pastoraleko ikusle zein ere arizaleentzat. Horrek garrantzi handia izan du aldi batez gehiago trajeriak lortu duen arrakasta nabarirako. Arrokiagako herritarrek berek paratu zituzten zurezko jarleku guzti-guztiak beteta geratu ziren, eta, haien atzean, maldako belardian ere jenderik eseri egin zen. Hortaz, Jose Mendiague pastoralaren lehen agerraldi honetan, 3.600 ikusle inguru egon zirela ziurta daiteke. Entradaren martxan, hots aktoreak bi lerrotan oholtzara igotzean ematen den soinualdi denboran, haatik, jendea sartzen ari zen beti. Hori ohizkoa dela erran daiteke, baina ez beharbada Arrokiagan joan den igandean ikusi zen bezala. Lekuko batzuen arabera, pastorala ematen den soroaren inguruetan jarrita dauden aparkalekuez arduratzen zirenen artean, nolabaiteko jokaera zorrotzegiak edo gehiegizkoak egon ziren, eta horiek atzerapenik eragin zuten. Alabaina,azpimarratzekoa da lan hori ez dela batere erraza...

Suharraldi eta burrunba

Nolanahi ere, entrada ez bazuten den-denek ikusteko aukerarik izan, Jose Mendiague pastoralak dituen 24 jelkaldien, azken perediküaren eta bukaerako kantuaren gozatzeko uneetan, arazorik ez zen batere egon. Azken batean, ikusgarria normaltasun osoz igaro zen, nahiz eta ikusleriaren suharraldi edo ihardukitzeek beste edozein ikusgairen kasuan baino gehiago erakutsi zuten pastorala dela herri oso baten sentipen hitzordu bat. Gertaera batzuk aipatzearren, azpimarratzekoa da pastoral honetan emanak dauden gaztelaniazko bi kantuek, hots, bederatzigarren jelkaldiko Candombe para Jose eta 22. jelkaldiko Virgen morenita izenekoek, arrakasta berezia lortu zutela. Beste modu batera, Bidarrain (Nafarroa Beherea) 1897ko abenduan egin ziren Jean-Bautista Otxalde bertsolari ospetsuaren hiletak gogorarazten zituen hamabosgarren jelkaldian, burrunba galanta sortu zen ikusleen artean, oholtzara agertu zen apaizaren adierazpenengatik!

Bertsetak emate, taula jokoak egite eta kantuak abeste, hots, trajeria baten betiko osagaiez gain, gaur egun hauek ere ohizkoak egin diren ballet edo dantza berezien gertatzeek ere ikusliarren berotasun agerraldiak eragin zituzten. Hala gertatu zen, esaterako, 19. jelkaldiko fandango eta arin-arinekin, 22. jelkaldiko chacarera argentinar dantzarekin eta 24. eta azken jelkaldiko ikurrekiko dantzarekin ere. Haatik, ikusle askoren gozamena pizten duten ikusgarri zati horiek dira pastoralaren mamia eta esangura ezagutzen dutenek gutxien preziatzen dituztenak... nolabait ere trajeria baten dramaturgiatik aldentzen direlakotz.

Jose Mendiague pastoralean, aldiz, behar bezala islatu da trajeria baten oinarrizko legeetan beti egon behar lukeen osagai bat: sujetaren heriotza. Hori ederki emana izan zen, bai Jose Mendiagaren azken otoitzetan, bai haren obren artean gehien ezagutzen dena izan daitekeen Kantuz abestiaren azken koplarekin oholtzatik erretiratzean ere.

Antxerak Barkoxeri

Pastoral batean edozein berrikuntza sartze izanik ere, herri jai hau ezin daiteke antxerak edo enkanteak gertatzerik gabe amaitu. Hala, trajeria eman den oholtzaren gainean muñeñak eta aitzina pika dantzak emateko ohorearen lortzeko, Zuberoako hamar bat herri zoingehiagokan aritu ziren. Azkenean, Barkoxe herriak zuen lehia irabazi, horretarako, haatik, 2.000 euro ordaindu beharko dizkielarik Arrokiagako pastoralaren antolatzaileei. Antxera horietan, Barkoxerekin azken unera arte lehian ibilitako herria Sohüta izan zen, eta horrek ez du nihor ustekabean harrapatu, herri horrek baitu datorren urtean Rene Cassin pastorala emango.

Hemendik harat, haatik, gogoan hartzekoa da heldu den igandean bertan, abuztuaren 5ean, Jose Mendiague pastoralaren bigarren agerraldia gertatzekoa dela Arrokiagan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.