Pantaila txikian Game of Thrones da modako ekoizpena, Erdi Aroa eta genero fantastikoa uztartzen dituen telesail dotorea. Lehen denboraldia amaitu berria denean, hainbat parekotasun dituen film ingeles hau ailegatu da pantaila handira. Berez, film independentea dela aldarrikatu dute haren ekoizleek, atzean ez duela inongo estudio erraldoirik, alegia. Izendapen hori izanda ere, ekoizpen garestia izan da Ironclad, hogei milioi dolarretik gorakoa izan baita azken faktura.
Jonathan English zuzendari ingelesaren hirugarren filma da honakoa. Aurrekoek ez zuten batere oihartzunik izan, baina orain dela bost urte egin zuen Minotaur filmak argi utzi zuen zinemagileak garai bateko istorio eta izakiak maite dituela. Haren esanetan, txikitatik gustatu izan zaio bere herrialdeko gazteluak bisitatzea eta harri horien artean ezkutatzen ziren kondairak imajinatzea.
Gaztelu horietako batek, Rochesterkoak, kilikatu izan du bereziki haren irudimena. Azkenean, umetako ametsa errealitate bihurtzea lortu du; han gertatutako pasadizoak kontatu ditu filmean, berak idatzitako istorioa oinarri hartuta. Ironclad-ek Rochesterko gazteluan gertatu ziren batailak ditu ardatz nagusi. Hala eta guztiz ere, ez zuten pelikula benetako gazteluan filmatu; landa batean haren erreplika erraldoia eraiki zuten.
Zinemak Erdi Aroa mitifikatzera jo izan du askotan, onaren eta gaiztoaren arteko borroka eta horren inguruko maitasun istorioa kontatzera mugatuz. Han bizitzeko gogoa ematen du garai horietan girotutako film gehienak ikusi ostean. Baina errealitatea guztiz bestelakoa zen; oso zaila eta gogorra zen Erdi Aroan bizitzea.
Azken urteotan hainbat pelikula saiatu dira oker hori ezabatzen, eta errealismo handiagoa bilatu izan dute. Ironclad-ek ere ahalegin berezia egin du hori lortze aldera, eta bortizkeria ezkutatzen ez duen pelikula da. Steven Spielbergen Saving Private Ryan oso gogoan izan duela aitortu du Englishek.
Errege estatubatuarra
Beharbada ingeles askok ez dute oso erreal sentituko John erregea, Paul Giamatti aktore estatubatuarrak egin baitu erregearena filmean. Aktore handia izanagatik ere, Giamattik berak onartu egin du hasiera batean ez zela sobera eroso sentitzen errege ingeles baten rola egin behar izatearekin.
Baina argi dago haren izena dela Ironclad-ek ikusleei begira duen amu nagusia. Haren ondoan horren ospetsuak ez diren beste izen ezagun batzuk aurkitzen ahal ditugu: Brian Cox edo Derek Jacobi, esaterako.
Istorioa XIII. mendeko Ingalaterran dago girotuta. John erregeak Konstituzio moduko bat sinatu behar izan du, eta jauntxoen boterea mugatzen du agiriak. Erregeak behartuta eman du sinadura, ez du batere gogo onez egin, eta aukera izan bezain pronto saiatzen da botere osoa berreskuratzen. Armada handi bat eratu eta agiria bultzatu duten guztien kontra egiten du, Ingalaterra gerra zibilaren atarian jartzeraino.
Herri osoa menpean hartu ondoren, Rochesterko gaztelurantz abiatzen dira John erregea eta bere armada. Hor dira, Albany baroiaren agindupean, azken matxinoak gotortuta. Haien asmoa errefortzuak ailegatu arte eustea da. Setioa gogorra da, eta Rochesterko gazteluan hainbat gauza gertatzen dira; horien artean, nola bestela, maitasun istorio bat loratzen da.
'IRONCLAD'
Zuzendaria: Jonathan English.
Aktoreak: James Purefoy, Paul Giamatti, Kate Mara, Brian Cox, Jason Flemyng, Derek Jacobi, Charles Dance.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2011.
Iraupena: 120 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian, ostiralean estreinatuko dute.
Zinema. Estreinaldiak
Erdi Aroa, bere gordinean
'Ironclad' film epikoak Rochesterko gazteluan izan ziren gertaerak ditu oinarriPaul Giamatti aktore estatubatuarrak bete du John errege ingelesaren rola, eta Jonathan Englishen zuzendaritzapean aritu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu