John Sayles zuzendari beteranoak Amigo aurkeztu du sail ofizialean, egin duen azken lana. Aurtengo aldia kontuan hartuta, estatubatuarrak lau aldiz hartu du parte Zinemaldian -Men with Guns aurkeztu zuen 1997an, Silver City 2004an, eta gidoi onenaren sariairabazi zuen Honeydripper-ekin 2007an-, eta Urrezko Maskorra irabazteko hautagai nagusietakotzat zeukaten adituek. Filma XX. mendearen hasieran kokatuta dago, Filipinetako gerran.
Luzon uharteko San Isidro auzoko buruzagia da Amigo, Rafael esaten diotena. Haren anaia herriko gerrillako burua da, eta semeak ere armak hartuko ditu amerikarren tropak heltzean. Okupazioaren ondoren, bizimodu zaila izango du Amigok. Hil nahi ez badu, inbasoreek agindutakoa bete beharko du, batetik. Bestetik, armetara jo duten herritarrei lagundu nahi die. Bi indar kontrajarriren artean bizi beharrak ondorio larriak ekarriko dizkio. «Pertsonaiaren egoera benetan da zaila: Noiz zara traidorea?Noiz arizara egoki jokatzen? Gerra guztietan dago norbait bi alderdien artean», adierazi zuen zuzendariak. Eta, historian zehar okupazio gerrak zenbatetan gertatu diren kontuan hartuta, protagonistaren egoera berdina nozitu dutena asko izan dira, zuzendariaren arabera. «Saihestezina da gerra guztietan paralelismo bat egotea. Istorioa gerta zitekeen Erromako inperioaren garaian, XVIII. mendeko Frantzian, Afganistanen edo Iraken».
Saylesek, ordea, Filipinak aukeratu ditu, hori nahi zuelako. «Iraki buruzkoa egin nahi izan banu, egin egingo nukeen. Niri garai hau interesatzen zait, ordea. Filipinetako gatazkan daude XX. mendeko historiaren oinarriak. Arrazakeria eta inperialismoa era gordinean ikus daitezke».
Nor bere hizkuntzan
Amerikarrak, auzoko biztanleak, espainiarrak eta txinatarrak ageri dira filmean, bakoitza bere hizkuntzan. «Pelikulak hizkuntza askotan eta azpidatziekin ikustea ona dela uste dut, gehiago sakontzen da pertsonaietan. Ezingo nuke, Hollywooden egiten den bezala, ingelesa soilik erabili. Ez luke funtzionatuko».
AEBetako zinema independentearen ikurretako bat da Sayles,eta zinemagintza «garai zailetan» dela uste du. Lehen, Hollywoodetik kanpoko lanek zinema aretoetan «hiru aste» irauten zuten, eta egun, «aste bakarrean» ematen dituzte. Banatzaileak gutxitu dira, eta horiekin batera ikusleak. «Filmak egitea ez da eskubide bat, aukera handi bat baizik».
Estilo aldaketa baten beharra ere ikusten du. Saylesen arabera, gazteek «mokadu txiki eta bizkorretan» kontsumitzen dute dena, eta etorkizuneko zinemagileek kontuan izan beharko dute hori.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA
Erdibidea ez da beti erosoa AEBen eta Filipinen arteko gerran kokatu du John Saylesek 'Amigo', bi aldeen erdian dagoen buruzagiaren istorioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu