Mugatxoan ekimenaren sortzailea eta kudeatzaile nagusia da Ion Munduate, Blanca Calvorekin batera. Beren egitasmoak aurkezten eta elkarlanean aberasten dituzten artisten arteko topaketak antolatzen ditu urtero Mugatxoanek, hiru gune nagusitan: Donostian, Artelekun; Porton (Portugal), Serralves auditoriumean, eta Gijonen (Espainia) Teatro de la Laboral antzokian.
Mugatxoan 1998an sortu zenuten Blanca Calvok eta zuk. Zein zen zuen asmoa?
Garai hartan Blanca Calvok, La Ribotek eta beste hainbat koreografok dantza aktibitate pentsatutzat hartzen zuten, aktibitate fisikotzat baino gehiago. Haien lanak atzerrian ikusten ziren eta onarpena jasotzen zuten, baina hemen, Euskal Herrian, ez zegoen horrelako ezer. Horregatik, Espainiara joaten ginen lan egitera. Gainera, Espainian ikusleak horrelako lanak desira handiz ikusten zituztela jabetu ginen, behar zituztela. Blancak jaialdi bat antolatzen zuen La Ribotekin, konbentziotik kanpoko lanak aurkezteko, Desviaciones izenekoa. Oinarrizko gabezia bat zegoela jabetu zen. Egiturak eta hitzak eraikitzeko eta idazteko modua zeharo aldatuta zegoen, baina erakusten ari zena, jendeari ematen zitzaiona oraindik beste eredu batean oinarrituta zegoen. Diferentzia horretaz jabeturik, Artelekura etorri eta Santi Erasoren babesarekin jarri genuen martxan Mugatxoan. Eredu aldaketari erantzuteko sortu genuen.
Artisten arteko elkarlana eta elkar-eragina bultzatu ditu hasieratik.
Helburua zen artista ezagunen lan prozesua artista gazteekin partekatzea. Proiektu berri interesgarriak zeuzkaten artistak gonbidatzen genituen, eta ikusten genuen testuingurua baliagarria izan zitekeela, hemengo jendearekin lan egiteko aukeraematen zuela, baita ezagutzen ez genuen hemengo jendearekin ere. Prozesu eta partekatze nagusi hori oso garrantzitsua izan zen, artista gisa lokalizazio edo posizio bat ematen dizulako, pentsatzeko eta egiteko eran. Garrantzia ematen genion prozesuari eta ez produktuari, baina aprobetxatzen genuen artista haiek hemen izatea haien lanak erakusteko ere, Artelekuko areto nagusian, ohiko egituratik kanpoko antzokian. Horrek publiko bat sortu zuen.
Artearen eta ekintza artistikoaren ikuspegi oso irekia da zuena, definizio zehatzik gabekoa.
Baina aldi berean oso itxia ere bai. Garrantzitsuena zentzua ekoiztea da, zentzu berriak ekoiztea, baina zentzuak lan kontestu batzuetarako eta lan kontestu horien garapen posibleetarako. Ez dugu aurretik esaten nola lan egingo dugun. Gure praktikaren barruan edozer gauzak balio du, baina legitimatu beharra dago, eta legitimazioa elementu asko inplikatzen dituen prozesua da, ziklo oso bat. Kontuan hartuta gauzak mugitu egiten direla, eta duela bi urteko lan batek orain beste zentzu bat har dezakeela; edo lanari norbaitek beste zerbait erantsi badio, zentzua aldatu egin zaiola. Prozesu horiek partekatzea da Mugatxoan-en lana; partekatzea artista gazteekin, ikusleekin, Euskal Herritik kanpo ezagutzen dugun jendearekin…
«Eredu aldaketari erantzuteko sortu genuen Mugatxoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu