Literatura

Erika Elizarik irabazi du XXI. Igartza saria

Zendabalitz izenburupean, hegaldi "gorabeheratsu" baten kronika biltzen duen eleberria idatziko du, arreta bidaiarien barne gogoetetan jarriz.

Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea), Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar argitaletxeko editorea), Erika Elizegi (sariaren irabazlea) eta Joxe Begiristain (CAF enpresako euskara arduraduna), gaur goizeko prentsaurrekoan. BERRIA
Ainhoa Sarasola.
2018ko irailaren 12a
12:26
Entzun

Hamabi proiektu aurkeztu dituzte aurten Igartza sariketara, eta, horien artetik, Erika Elizarik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) proposatutakoa hautatu du epaimahaiak, Zendabalitz izenburua duena. Leku eta une jakin bat aukeratu du Elizarik istorioa eraikitzeko: hegazkin bat aireportuan geldirik da, arazo tekniko bat dela medio aireratu ezinda, eta hegazkinean doazen ehun bidaiariak bertatik atera ezinda daude. Egoera horretan, bidaiariei sortzen dizkien kezketan jarri du fokua Elizarik, hain zuzen, iraganari edo geroari lotutako beren gogoetetan. Zazpi bidaiariren istorioak tartekatuko ditu eleberrian, haien barne bakarrizketetan arreta jarriz, baina baita elkarren arteko harremanetan ere.

Ikus-entzunezkoen arloan egiten du lan Elizarik, eta, orain artean, "oso era intimoan" idatzi izan du, "gehiegi partekatu gabe". Hainbat arrazoi direla tarteko, baina aurten bere proiektua sariketara aurkeztea erabaki du, eta horixe hautatu du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak. Dena ondo bidean, bere eleberria urte eta erdi barru argitaratuko du Elkar argitaletxeak.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatzen dute Igartza saria, idazle gazteei proiektu bat garatzeko aukera ematen diena. 21. aldia du aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.