Artea

Erlea Maneros Zabalak emango dio segida Museo Bikoitza programari

Urtebete izango du San Telmo museoaren ondareaz eta haren kontakizunez hausnartu eta bere esku hartze artistikoa garatzeko. Ibon Aranberriren lekukoa hartuko du hala Manerosek.

Erlea Maneros Zabala eta Ibon Aranberri artistak, gaur goizean, Donostiako San Telmo mseoan. SAN TELMO MUSEOA
itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 10a
15:34
Entzun

Asier Mendizabal artistaren ekimenez abiatu zen iaz Museo Bikoitza programa, Donostiako San Telmo museoan. Urtebeteko epean sortzaile bat museoaren ondarean eta narratibetan murgildu eta esku hartze bat garatzean datza programa. Egindako lana museoaren bildumaren parte bihurtzen da ondoren, modu horretan museoaren kontakizunari jarraipena emateko. Mendizabalek berak hautatu zuen nor izango zen programa abiatuko zuen artista: Ibon Aranberri. Hura aritu zen iazko urtean museoan lanean, eta ekainean aurkeztu zuen emaitza: Itzal marra instalazio bikoitza. Orain, hurrengo artista gonbidatua aukeratzea egokitu zaio, eta Erlea Maneros Zabalari pasatu dio lekukoa, "artxibo eta hari ezberdinak gurutzatuz irudikari berriak sortzeko erakutsi duen trebeziarengatik".

Izendapena egiterakoan, "hurbiltasunetik, memoria propiotik eta ezagutzatik" jokatu duela aipatu du Aranberrik, gaur goizean egindako agerraldian. Garbi izan du hurrengo etorriko zen artistak "bestelako begirada bat" ekarri behar ziola proiektuari, eta Maneros apropostzat jo du horretarako: "Bizitzaren erdia kanpoan darama, eta distantzia horrek uste dut eskaintzen duela beste angelu bat, beste optika bat, hemen gabiltzanok ohituretan galtzen duguna".

Hori izan du irizpide bat. Manerosen praktika artistikoa izan da bestea, garrantzitsuena. "Oso hurbiletik landu ditu irudiaren eraikuntza, irudiaren politikak, irudiaren baldintzak... Artxibo, geruza, artelana gurutzatzen direneko eremu horiek, oso modu pertsonalean, baina, maila batean, baita modu oso zientifikoan ere". Aukeraketa bat den heinean, eta horrek beste aukera batzuk kanpoan uztea dakarrenez, erabaki zaila izan dela aitortu du, baina segurtasunez hartu duena: "Haren lanaren jarraitzaile izanik, oso erabaki ziurra izan da niretzat”.

Mendizabal Aranberrirekin aritu bezala, Aranberri ariko da orain Manerosen lana koordinatzen. Oraindik lanean hastear da artista bilbotarra. Lehen hilabeteak ikerketan emango ditu, eta ez du aurreratzerik izan norantz eramango duen hasierako murgiltze fase horrek. 18 urte zituenetik atzerrian dabilela aipatu du berak ere, eta ezohikoa izango zaiola horregatik egonaldia. "Lehenengo aldia izango da Euskal Herrian egongo naizena ia urte oso batez. Beste batzuetan, artxiboetan egin izan dudanean lana, nirekin pertsonalki hain erlazio estua ez duten materialarekin izan da. Horregatik, erronka berezia izango da hau, euskal historia eta etnografiarekin lan egitea, erlazio sentimental edo txikitako hori daukadalako. Zailagoa ez dakit, baina beste kasu batzuetan baino bereziagoa izango da", azaldu du.

Aranberriren argitalpena

Manerosen izendapenaren berri ematearekin batera, Aranberrik bere instalazioaren argitalpen proiektua aurkeztu du goizean. Argitalpen bat izanagatik, ez dela liburu bat argitu du; ez dela Itzal-marra-ren errepresentazio bat, lanaren "luzapen bat" baizik, beste osagai bat. Lan grafikoa da batez ere, irudia eta hitzak uztartzen dituena. Testuen edizioa amaitutakoan jarriko dute eskuragarri, edizio mugatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.