«Erlijioaz espero zuena eskatzen dio egun jende askok arteari»

Giza gorputza dago Juan Luis Moraza eskultorearen lanaren oinarrian, baina egungo gizarte teknifikatua ere hartu du ardatz gisa, Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian ireki duen 'Software' izeneko erakusketan. Haragia eta mailua batu ditu, nolabait ere.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Edozer bilaka daiteke tresna. Hezur zati bat, adibidez, 2001 Space Odissey filmeko lehen sekuentzietan ikusten denez. Funtzioa ez dago objektuan haiei aitortzen zaien ekintza araudian, baizik. Hori da Juan Luis Moraza eskultoreak (Gasteiz, 1960) Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian jarri duen erakusketaren oinarrian dagoen ideia. 40 bat pieza prestatu ditu, baita bideo lan bat ere. Puntan burdinazko garun bat duen aizkora baten giderra, ADN katearen itxuraz egindako torlojua, puntan burdinazko bihotz bat duen pala kirtena... Haragia eta mailua. «Tresna berezien katalogo bat da erakusketa», dio Morazak. Software jarri dio izena, eta azaroaren 13ra arte egongo da irekita.

Tresnaz tresna, giza gorputz zatikatu bat aurkezten du Morazak erakusketan. Hori du bere lanen konstanteetako bat, gorputza; oinarri teoriko sendoa da beste bat. «Gizakia menpean hartzea lortu dute makinek. Batez ere 50eko hamarkadaren ondoren, gorputza organo pilaketa bilakatu du horrek. Bizitza, bizitza baino gehiago morrontza bilakatu da». Jostorratz eta iltze erraldoi hiper errealistak dira, halere, erakusketaren gunerik garrantzitsuenean dauden bi piezak. Zatiketatik osotasunera daramate giza gorputzaren irudikapena. Hasieran, besterik iruditu arren, bi giza irudi baitira sakonean iltzea eta jostorratza. Teknifikazioak ekarri duen zatiketaren azpian, giza osotasunaren aldeko erresistentzia moduko bat. «Haragiak dena kutsatzen duen froga bat».

Giza gorputza dago beti zure lanen oinarrian, baita honetan ere.

Ezinbestean. Gorputzetan existitzen gara, gorputza gara. Gorputza dira garuna, emozioa, imajinazioa eta memoria ere. Tortura aparatua eta filosofia, dena da haragia; antropomorfikoa da dena, edo antropometrikoa. Gorputzaz kanpokoa ere korporala da guretzat, nahitaezko erreferentzia da gorputza.

Alde guztietan dago gorputza zure erakusketa honetan ere, baina zatikatua beti, eta tresna gisa.

Hala da, baina iltze eta jostorratz erraldoien piezarekin eta elkarri «musuka» ageri diren bi iltzeen bideoarekin, osotasunerako nolabaiteko itzulera bat proposatzen dut. Ezinbestean, zerbait badago gorputzaren zatikatze horren azpian, eta haren gainetik. Zatiketa horretara garamatza kultura funtzionalista eta tekniko-meta-fisikoak, baina, halere, badago existitzea beste funtziorik ez duen existentzia bat ere, eta horregatik bukatzen da erakusketa iltze eta jostorratzarekin. Osotasun subjektibo eta sozial batera itzuliz.

Gizakia cyborg bilakatuz doala,ideia horrekin dabiltza lanean artista franko. Gorputzaren luzapen gisa erabiltzen diren tresnekin-eta, bide horretan goazela diote teoriko batzuek ere. Zurea horren aurkako erantzun moduko bat da, ezta?

Donna Haraway pentsalariaren teoria dago hor. Hemendik aurrera cyborg bilakatuko garela dio , baina lehenago Henry Lefebvre filosofoak cybernantrop deitzen duenaz egiten duen gogoeta aipatzen dut nik. Ikuspegi kritiko batetik mintzo zen Lefebvre. Logika mekanikoa onartu duen indibiduoaz ari zen, robotizatu den pertsona bati buruz. Horrekin kontuz ibili beharra dagoela zioen. Ni ere kritikoa naiz cyborgen kontu horrekin. Oso sakrifizio eta kostu handia eskatzen dio horrek gizakiari eta gizarteari. Cyborg-aren logikak subjektibitatearen ezinegonetatik salbatzen gaituela dirudi. «Sareak salbatuko gaitu», hori da leloa. Denboran eta espazioan zeharkoa da hor laguntasuna, ezerk ez du minik egiten, hormak gurutza daitezke... baina pantailaren atzean beti dago subjektu erreal bat, gorputza duena, eta, azkenean, neska-lagun birtual batekin konformatzen ez dena.

Tradizio eskultorikoaren interpretazio ironikoa proposatzen duzu erakusketan, bestalde. Jostorratz eta iltze erraldoiek, adibidez, pop piezak dirudite lehen begiratuan, baina sakonean, giza irudiak dira.

[Irribarre egin du] Bai, guztiz, identifikagarriak, ezta? Ez dut uste ironia denik, geruza aniztasuna baizik. Hori da arte obren funtsa: konplexutasuna. Geruzena arte obra definitzeko metafora ona dela uste dut. Horrek bereizten du arte objektua eta telegrama bat, adibidez. Zilegi da pieza hauek pop obra bat direla pentsatzea, baina interpretazio gehiago ere badaude.

Bideoak behartzen du ikuslea tresna horietan giza irudiak daudela pentsatzera, imantatutako bi iltze ageri baitira bertan, elkar ukitzen eta «musukatzen».

Obra guztiak beti daude harremanetan beste obrekin. Horrela sortzen da diskurtsoa. Obra bakoitza trantsizio une bat da beti; norberaren zein garai bateko aurreko lan baten, eta norberaren zein garai bateko hurrengo obra baten arteko trantsizio unea.

Erakusketan pieza batzuek mailu itxura dute, baina gider eta buru asko dituzte. Ezin dira mailu gisa erabili. Arte abstraktuari keinu egiten diozu haien bidez, burdinazko formek eskultura geometrikoen itxura baitute.

Abstrakzioa singulartasunaren aurkako biolentzia da, generikora heldu ahal izateko sakrifizio bat. Eskultura horren oihartzuna hartu dut nik, baina pieza hauetan tresnaren mundura bultzatuz, kolpatzeko sortuta dauden tresnen mundura. Joan-etorriko bidaia da beraz, singulartasunaren aurkako abstrakzioaren biolentziatik, tresna hauen biolentziara. Biolentzia naturan dagoen zerbait da. Izaki konplexuak daude elikadura ere badagoelako, eta elikaduran ageri dira politikaren mugak: ez dago jaten ari denaren eta elikagaiaren arteko negoziaziorik. Kulturak egun ukatu egiten du biolentzia forma oro, itxuraz, baina sakonean ezkutatu baino ez du egiten mekanismo perbertso batean. Naturaz salbatzeko aitzakian, beste natura bat sortu dugu, erabat biolentoa dena.

Biolentzia arte abstraktuan ere.

Abstrakzio artistikoa etorri zen pentsamendu filosofiko-teologikoan aurrez emandako abstrakzio joera baten ondoren. Jainkoa ez zen gehiago Olinpon bizi zen gizon bizardun bat, baizik eta abstrakzio metafisiko bat. Hori ez da kasualitatea. Jende askorentzat artea erlijio laiko moduko zerbait bilakatu da gaur egun. Jende askok erlijioaz espero zuena eskatzen dio arteari. Gaizki ulertu bat da hori, nire ustez, akats bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.