Erokeria bat gogoetarako

'Wilt' eleberri ezagunean oinarrituta, 'Wilt panpina puzgarriaren hilketa' antzezlana estreinatuko du Ados-ek, gaur ErrenterianIdazle ezaguna da Tom Sharpe, baina lehen aldiz egokitu da antzerkirako haren lan bat

Isidoro Fernandez eta Mikel Laskurain aktoreak, entseatzen, herenegun, Errenterian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Errenteria
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Entseatzen ari dira, baina ikusleen aurrean daudela dirudi. Agertokiaren gainean dago Wilt (Mikel Laskurain). Panpina puzgarri baten gainean, hari hitz egiten. Erokeria bat. Edo ez. Hurrengo eszenan galdeketa bati aurre egiten ari zaio. «Istorio bat kontatuko dizut: bere emaztea gorrotatu eta hiltzen duenarena», esan dio, maltzurki, polizia zailduak (Isidoro Fernandez). «Segi, primeran ari zara estereoan», erantzun dio. Erokeria bat egitea, emaztea hiltzea, leporatzen diote. Hori da Wilt panpina puzgarriaren hilketa antzezlanaren abiapuntua. Tom Sharperen Wilt eleberri ezagunaren egokitzapena egin dute, eta Ados Teatrok gaur aurkeztuko du Errenteria Hiria Kulturunean (19:00). «Ikusleak dibertiaraztea da asmoa, baina hausnarketarako aukera ere ematen du», esan du Jose Mari Vitoria ekoizleak. «Zer da benetakoa gure bizitzan? Zer gezurrezkoa?». Erokeria bat, hortaz, gogoetarako.

Garbi Losada da zuzendaria, eta Vitoriarekin batera egokitu du eleberria; euskaratu, aldiz, Dorleta Urretabizkaiak. Vitoriaren ustez, «umore eroa» dauka eleberriak. «Gogoko dugu, eta zerbait dibertigarria egin nahi genuen». Gainera, erreferente bat da «jende askorentzat». 1976an kaleratu zuen Sharpek, eta geroztik haren 10 milioi kopia saldu dira, 22 hizkuntzatan. Lehen aldiz egokitu da antzerkirako haren lan bat.

Komikien estetika

Garai hartakoa izanik, garai haietara egokitu behar: «Komikien estetika dauka: arropak, koloreak, agertokiko fondoak...». Horren guztiaren gainetik pertsonaiak nabarmentzen dira; Wilt irakaslea eta hiltzailea, batez ere. «Pertsona arrunta da %100. Antiheroi bat». Ikusleak pertsonaiarekin identifikatuko dira, Vitoriaren iritziz; «denok, neurri batean edo bestean, antiheroiak garelako». Wilti ez zaio bere bizitza gustatzen, eta gauza arraroak gertatuko zaizkio. «Polizia ikerketa batean sartuko dute, eta, horri aurre egiteko, gezurra esatea beste irtenbiderik ez dauka». Hortik dator Vitoriak berak egindako gogoeta.

Eta ikerketak irauten duen bitartean, Wilten eta poliziaren artean beste hamar bat pertsonaiak osatuko dute gertakizuna. Panpina putzu sakonera botatzen ikusi zutenak, institutuko irakasleak, poliziak, psikologoa... «Bi pertsonaia nagusien sateliteak bezalakoak dira horiek. Esnobak, aberatsak...». Sharpek «mundu guztia» egurtzen duela iritzi dio Vitoriak: «Gogor egiten du garai hartako kulturaren, kontrakulturaren edo politikarien kontra. Mundu guztiari barre egiten dio, bide batez».

Egia esan, barregarria izateko osagai guztiak dauzka antzezlanak. Aitziber Garmendiak, ibilera esajeratuz-eta, badu grazia polizia agente gogorraren paperean. Edota Miren Gojenolak kazetari izarrarenean. Aktoreei beraiei ere ondo pasatzen ari zirela nabaritzen zitzaien herenegun Errenterian egindako entseguan. Garbi Losada, aldiz, urduriago zegoen, detaile guztiak zaintzeko ahaleginean. Isidoro Fernandez edo Mikel Laskurainen edozein ateraldi, ordea, nahikoa zen zuzendaria algara batean hasteko.

Izan ere, ez Vitoriari ez eta Losadari ez zaie erraza egin antzezlana egituratzea. «Eleberri batek informazio mordoa dauka. Hortaz, material egokia aukeratu beharra daukazu, baina esentziari muzin egin gabe. Wilt egiteko nahasia izan daiteke, pertsonaia eta dekoratu mordoa dituelako». Zinemarako egokitzapena egin zuen 1989an Tom Tuchnerrek. Vitoriarentzat, baina, hura ez zen erreferente fidagarria: «Izan ere, zinema eta antzerkia erabat diferenteak dira haien artean». Lana eman die, beraz, egokitzapenak. «Baina oso dibertigarria izan da».

Eleberria lineala da, eta hala kontatu beharrean, beste estruktura bat aukeratu dute. «Polizia ikerketa batean oinarritu dugu. Polizia etxe batean dago Wilt, eta poliziak ari zaizkio informazioa atera nahian. Horrek gidatuko du antzezlana. Esan daiteke, hortaz, thriller baten modukoa dela», azaldu du ekoizleak.

Eta argi zuen Laskurainek jokatuko zuela protagonistaren papera: «Bideo bat egin genuen harekin proba moduan, eta segituan esan genuen: Wilt da goitik behera». Laskurain, gainera, «gustura» dago: «Entsegu mordoa egin ditugu, eta geroz eta gusturago nago. Ondo pasatzen ari naiz, eta are hobeto pasatzea lortuko dugu. Hortaz, gu pozik ari bagara, jendea ere dibertitu egingo da». Ez zuen eleberria ezagutzen, baina gustatu zitzaion: «Testua pasatu zidatenean ikusi nuen bazuela txinparta, umorea, baina testu asko ere bai [barrez]». Halere, «ilusio handia» egiten dio halako paper bati aurre egin behar izateak, «erantzukizun handia» izanagatik. Protagonistarentzat, ordea, Wilt «gizagaixo» bat da. «Pertsona ona izan arren, arrankea falta zaio». Haren iritziz, Wilt «dezente» daude gizartean, eta «txarrerako» da. «Ez ditugu bera bezalako gehiago behar, baina erraz bat egin nuen berarekin».

Nabaritzen da, bai. Denei ikusten zitzaien taxuz lan egiten. David Ruizi ere bai, ontzi bat lapurtutako kapitaina izan arren. Edo Gojenolari, itsasoaren erdian, Iparraldeko haren kidearekin (Garmendia). Eta entsegua bukatzeko, txaloak, oihuak, sartu-irtenak, eta argien piztea. Erokeria, bai, baina gogoetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.