Literatura

Eromena mintzo da

'Divertimento' gisa idatzi bazuen ere, Erasmus Rotterdamgoaren lanik ezagunena da 'Eromenaren laudorioa'. Mendebaldeko literaturan eragin izugarria izan duen lana da, baita eliza katolikoaren erreforman ere. Aurten bete ditu bost mende.

2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Badakit. Oportunista izan daiteke zenbaki biribilak ospatzea, eta nondik begiratzen den, baita ergel samarra ere. Baina 500 zenbaki biribilegia da, aitzakiaren tentazioari eusteko. Izan ere, aurten bete dira bostehun urte Eromenaren laudorioa inprentatik lehen aldiz atera zenetik.

Egun, Erasmus hitza irakurri, eta ikasle gazte eroak etorriko zaizkigu gogora. Europako unibertsitateen arteko mugikortasun programari izen hori jarri zioten, baita egoki jarri ere, Rotterdamen (Herbehereak) sortu zen intelektual handiaren ohorez. Berez, Beert Beertsen izenez jaioa —gerora Desiderius Erasmus izena jarri zion bere buruari—, Europako hainbat unibertsitatetan aritu izan zen ikasten eta irakasten. Hainbaten ustez, Erasmus da intelektualaren arketipoa, Europako lehenengoa, baita distiratsuenetakoa ere, hurrengo belaunaldi guztien inspirazio iturri.

Milurteko erdia igarota ere, iturriko urak fresko eta distiratsu dirau. Mundua aldatu egin da, baita idazteko moldeak ere, baina egungo irakurleek aparteko plazer intelektuala jaso dezakete Eromenaren laudorioa irakurrita. Ze, bostehun urteotan ezertan sakondu badugu, zalantza izpirik gabe, eromenean eta ergelkerian izan da. Gure agintariei edo gure pareko ispiluari begiratu besterik ez dago. Erasmusen liburuan erreferentzia klasiko mordoa dago, eta batek pentsa dezake ur lodiegiak direla, ilunegiak. Baina halako pasarteak arinkeriaz ere irakur daitezke, tuntun antzean.

'Moria' eta More

Erroman egonaldia egin ondoren, erabat etsita gelditu zen Erasmus, eliza katolikoaren ustelkeria eta gizartearen nora-ez orokorra ikusita. Londreserako bidaia luze eta gogaikarria arintzeko asmoz, kaskoan gai xelebre bati eragiten hasi zitzaion. Moria hitz grekoa hartu zuen oinarri, euskaraz eromen gisa uler daitekeena, baina baita tentelkeria, lelokeria, burugabekeria, umekeria eta kirtenkeria gisa ere. Bada, Erasmusek Eromena jarri zuen hizketan, ezin zorrotzago, baina umoretsu betiere.

Ingalaterrara iritsi, eta Thomas More adiskide minaren etxean hartu zuen ostatu. Ordurako pasarte batzuk idatziak zituenez, More eta beste adiskide batzuen aurrean irakurri, eta haien harrera onak akuilatuta, idazten jarraitu zuen. Eromenaren laudorioa latinez idatzi zuen Erasmusek, hainbeste maite zuen hizkuntzan, eta More lagunari eskaini zion: «Agur, Moro eleder bikain hori, eta defenda ezazu adorez zeure Moria hau». 1509. urtean amaitu, eta bi urte geroago eman zuen argitara, Parisen. Latinez idatzita egonagatik, bolo-bolo ibili zen irakurleen artean, eta, horren ondorioz, Erasmusek idazlana berrikusi eta luzatu egin zuen. 1515ean bukatu zuen gaur egun behin betikotzat jotzen den bertsioa.

Urte batzuk lehenago, Erasmusek Morerekin batera itzuliak zituen Luziano Samostatakoaren lanak, eta, hain zuzen, Luzianoren estiloan hasi zen eromenaren izenean idazten, laudorio satirikoaren forman. Eromena katedrara igo, entzuleen aurrean aurkeztu, eta bere buruari laudorio egiten jarri zuen Erasmusek, gizadiari egiten dizkion mesede kontaezinak zerrendatuz, estilo bizi eta atseginean. Eromenak dioenez, bera da bizitzaren sorrera eta iturria, eta mundu honetako atsegin guztiak berari zor dizkiogu. Izan ere, bizitza ez litzateke jasangarria izango eromenik gabe, hura baita poz guztien jatorria.

Inor ez da eromenaz libratzen, bakoitza bere erara. Eroak dira Olinpoko jainko hilezkorrak, baina bereziki lurtar hilkorrak: zaharrak eta umeak, adiskideak eta maitaleak, poetak eta filosofoak, gramatikariak eta teologoak, erregeak eta gortesauak, apaizak eta fraideak, apezpikuak eta aita-santuak... ero pepelerdoak den-denak. Moria bera emakumetzat aurkezten du Erasmusek, ezin ezkutatuz bere alderdi misoginoa.

Euskaraz, Julen Kalzadaren itzulpen ederrean irakur dezakegu Eromenaren laudorioa. Klasikoak bilduman argitaratua, 1994an, orain dela gutxira arte sarean eskuragarri zegoen Klasikoak.com atarian. Lerro hauek idazteko unean, ordea, ez dago horretarako aukerarik. Ea laster itzultzen den.

Erasmus belaunaldia

Azken hamarkadetan, Europako dozenaka mila ikasle baliatu dira Erasmus mugikortasun programaz. Ondorioz, gure artean ere zabaltzen ari dira «Erasmus egin» eta gisako espresioak, baita «Erasmusera joan» gisakoak ere. Xelebre jarrita, esan genezake eromenean sakontzeko modua dela «Erasmus egitea», burutik eginda gelditzen delako bat baino gehiago. Era berean, «Erasmusera joan» denak badaki ez dagoela itzultzerik, edo behintzat ez oso-osorik.

Literatura kontuetan, batzuek «Erasmus belaunaldia» etiketa jarri nahi izan diete azken urteotan euskaraz argitaratzen ari diren idazle gazteei. Zenbaki biribilak ospatzea bezain ariketa ergela izan daiteke etiketak jartzea, baina tira, akaso ergelkeriak baino ezin dira idatzi. Ez dakit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.