Literatura

Erotismoa landuko du aurten Gutun Zuria jaialdiak

Idazle sorta bilduko du ekitaldiak apirilaren 16tik 25era Bilbon: besteak beste, Javier Marias, James Ellroy, Fernando Arrabal, Tzvetan Todorov, Alvaro Pombo, Edorta Jimenez eta Itxaro Borda.

James Ellroy idazlea. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Inigo Astiz
2015eko martxoaren 5a
12:54
Entzun

Hasiera-hasieratik egin dute oharra antolatzaileek: “Ekitaldi honek ez du literatura erotikoaz hitz egiten, literaturan dagoen ezinbesteko erotismoaz baizik”. Eta Maria Luisa Blanco Gutun Zuria jaialdiko zuzendariak egin du hipotesia: “Erotismoak ez du presentzia nabarmenik literatur lan garaikidea handietan. Zergatik? Hori erantzuteko etorriko dira idazleak, baina izan daiteke agian erotismoa delako hitzez adierazko esparrurik zailena, eta hori delako bat hauskorren eta ziurgabeen sentitzen den esparrua”. Etorismoa, beraz, Gutun Zuria jaialdiaren zortzigarren edizioko ardatza, eta gai horri buruz arituko dira idazleak apirilaren 16tik 25era Bilboko Alondegian antolatutako hitzaldi eta ikuskizun sortan. Salgai jarri dituzte jadanik ekitaldietarako sarrerak.

Publiko aurrean egindako solasaldiak izango dira ekitaldirik gehienak. Javier Marias idazle espainiar entzutetsuak apirilaren 16an eskainiko duena nabarmendu du jaialdiko zuzendariak. Ez soilik idazlearen kalitateagatik, ordea, baizik eta baita eskaintzen dituen jendaurreko saioak urriak izaten direlako ere. “Ospatzekoa da hori”. Ez da Marias izango bakarra, halere. Fernando Arrabal antzerkigileak solasaldia izango du Ramon Bareak gidatuta apirilaren 17an. Alvaro Pombo eta Juan Antonio Gonzalez-Iglesias idazleak apirilaren 18an arituko dira jende aurrean erotismoaz, eta apirilaren 19an helduko da James Ellroy eleberri beltzen maisu ezagunaren txanda. Wendy Guerra idazle kubatarra apirilaren 23an arituko da, Edorta Jimenez eta Itxaro Borda apirilaren 24an, eta Tzevan Todorov semiotika aditu eta idazlea apirilaren 25ean.

Petti, Cano eta Goikoetxea
Baina dena ez da hitza. Poesia eta musika batzen dituen Ilargiaren alde erantzian izeneko ikuskizuna estreinatuko dute apirilaren 24an. Pettik eta Joxan Goikoetxeak jarriko dute musika, eta Harkaitz Cano idazleak egingo du testu aukeraketa eta irakurketa. Eta apirilaren 18an Síndrome de Estocolmo emanaldia eskainiko dute Ana Arias, Karra Elejalde, Gari, Valeria Tasso eta Uxue Alberdik.

Jaialdia jadanik egonkorra dela dio Lurdes Fernandez Alondegiko zuzendariak, eta azaldu duenez, jaialdiaren alde “apustu irmoa” egin nahi du Alondegiak etorkizunean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.