Erraldoi lehen, 'pokemon' gaur

Kixoteren urratsei segika Mantxara bidaia egin, eta 'Kixotenean' kronika liburua argitaratu du Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak. Maite Mutuberriaren ilustrazioekin osatu dute lana

Iñigo Astiz eta Maite Mutuberria, Kixotenean liburuaren idazle eta ilustratzailea, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
On Kixote irakurri ez duenak ere badaki Miguel Cervantesek sortutako zaldunak erraldoiak ikusten zituela Mantxako haize errotak zeuden tokian. Egun, idazlea hil zenetik 400 urte bete direnean, pokemon-ak ehizatzen dituzte neska-mutikoek Campo de Criptana (Ciudad Real) inguruan dauden errotetan. Aldatu dira garaiak, eta joan da denbora, baina fikzioa eraiki dute gaur egungo gaztetxoek errealitatea dagoen tokian, Kixotek 400 urte lehenago egin bezala.

Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak eszena horrekin egin zuen topo Cervantesen heriotzaren efemeridearen harira Mantxara abiatu zenean. Kixoteren urratsei jarraitu eta kronika sorta bat idaztea zen haren xedea. Haize erroten artean kometa batekin zebilen batek ireki zizkion begiak, eta mintzatu zitzaion pokemon ehizan zebiltzan nerabeei buruz. Orduan piztu zitzaion ideia kazetariari: «Hor esan nuen: 'Bale, hemen dago kronika, hemen dago liburua. Hemen gurutzatzen dira fikzioa eta errealitatea».

Mantxako lurretan ibili eta jasotakoak sei aleko kronika sortabatean bildu zituen Astizek, eta Maite Mutuberriaren ilustrazioek lagunduta argitaratu zituen BERRIAk, aurtengo abuztuan. Orain, ordukoak orraztu, berridatzi, aberastu eta «atal berriez edertu» ditu kazetariak, «liburua liburuago izan zedin, eta ez bakarrik kronika bilduma bat». Hala osatu du Kixotenean liburua, Elkarrek argitaratua. Atzo aurkeztu zuten lana Donostian.

Kixote «topatzen» saiatu nahi zuen Astizek Mantxara joanda. Hala azaldu zien ideia BERRIAko lankide eta arduradunei ere, eta, dioenez, prestatu zuen badaezpada kontra-argudio zerrenda luze bat ere, balizko ezezkoari aurre egin ahal izateko. Ez zuen erabili beharrik izan. «Eta geratu nintzen pozik eta kontra-argudioz betetako zerrenda batekin». Oniritzia jasota, eta euforiaz lepo, errepidean barrena abiatu zen orduan Kixoteren lurraldera, eta eman zuen astebete furgoneta batean, liburuak lagun, koadernoz, apuntez eta testigantzaz inguratuta. Han bizitakoen kronikak ekarri zituen bueltan, eta horiek osatu dute orain liburua.

Bidaia bat da liburua bera ere, «On Kixote liburura egindako bidaia», hain justu. Eta hor dator lehen korapiloa: «Liburu batera bidaia bat egiterik dagoen ez dakit, ez nekien». Eta zalantzatik, ekintza: «Hori frogatzeko idatzitako liburu bat da».

Argitu gabeko korapiloak, izatez, On Kixote liburuaren hastapen berean daude. Zeren izan zitekeen Argamasilla del Alba Cervantesek oroitu nahi ez zuen Mantxako toki hura, baina izan zitekeen Villanueva de los Infantes ere, edota Mota del Cuervo. Herri horiek guztiek aldarrikatzen dute beretzat Kixoteren sorterria; «denek diote egia», Astizen arabera, «eta denek diote gezurra» ere. Izatekotan, fikzioan jaio zen Kixote, baina errealitatera eraman nahi dute batzuek eta besteek literaturaren orrietan baino existitzen ez den leku hura.

Hara jo nahi izan du kazetariak berak ere, zaldunaren sorterrira, eta are, sortetxera, Kixotenera. Eta ez da lan erraza: «Nola joaten da fikzio batera? Nola bisitatzen da existitzen ez den lekua? Hori zen proposamen honen arriskua».

Ez kronika, ez literatura

Bizargin bati ostutako ontzia darama buruan Kixotek Cervantesen nobelan, Mambrino pertsonaia magikoaren kasketa delakoan. Egingo dute topo halako batean On Kixotek eta Santxok bizarginarekin, eta egingo dio errieta bizarginak zaldunari, ontzia lapurtu diolako. Bakea ezarri nahi du Santxok orduan, eta horregatik dio Kixotek daramana ez dela ez kasketa, ez ontzi, kasketontzi baizik. Paralelismora jo du Astizek, Santxok egin gisan. «Liburu hau ere kasketontzi bat da». Eta azalpena baieztapenaren ostean: «Ez da ez kronika, ez literatura, ez dago oso argi zer den. Hala izatea nahi nuen». Bidegurutzea berriro, zalantzak eta korapiloak. Eta ez da gauza txarra erdibideko espazio horrena: «Leku perfektua da liburu honentzat».

Muturren arteko tarte anbiguo horretan, bidegurutze horretan, eraiki ditu ere Maite Mutuberriak bere ilustrazioak, eta islatzen dute horiek ere fikzioa eta errealitatearen arteko talka. Collage teknikan eginak, aspaldiko argazkiak, mapa zatiak, marrak eta zirriborroak nahasten dituzte irudiek. Ilustratzaileak dioenez, errealitatearekin dute lotura argazkiek,eta fikzioarekin zirriborroek. Bietatik dute zerbait.

Egia esatera, «jolas edo esperimentu modura» hartu zuen Mutuberriak Astizen proposamena, «ondo pasatzeko zerbaiten moduan». Txikitatik ezagutzen zuten elkar biek, idazleak eta ilustratzaileak, ikaskideak bere garaian, eta Nafarroako Ultzamako bizilagunak. Eta hortik Mutuberriaren fede ona, Astizen ideia zaparrada jasotakoan: «Banekien gauza propioa egingo zuela, berezia izango zena».

Ez zitzaion damutu: «[Astizen] Kronikak irakurrita, segidan oso irudi indartsuak sortzen zitzaizkidan, banekien berehala nola irudikatu. Ilustratzaile gisa, eskertzekoa da irudiz betetako testuak aurkitzea».

Liburua «entretenigarria» dela dio Astizek, lan bat entretenigarria izateak egun hartu duen itzal txarretik urrun: «Entretenitua izateak ez dio inongo kalterik egiten edukia sakona eta interesgarria izateari».

Askatasunez egin zuen lan Astizek Mantxan ibili bitartean, eta «pribilegio erabatekoa» izan da hori berarentzat. Baliatu du askatasun hori estiloan ere esploratzeko. «Saiatu naiz kazetari aritzen, erabat kontrastatzeko modukoak direlako datuak, baina uko egin gabe kazetariaz harago geratzen den beste horri: ertz batean jartzen da kazetaria, eta ahal duen urrunen iristen saiatzen da». Oreka puntu horretan bizi da liburua, kazetaritzatik literaturara bitarteko zubian, oreka batean bizi den moduan XXI. mendeko Kixote, fikzioaren eta errealitatearen artean harrapatuta, nork ehizatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.