KULTURA

Errealegi diren errealitateak

Lynne Cohen argazkilariari eskainitako atzera begirakoa zabaldu dute Bilboko Rekalde aretoan. Gizakirik ez da ageri haren irudietan, baina nabarmena da haien presentzia. [Youtube]http://youtu.be/WqD-icc58Jw[/Youtube]

Inigo Astiz
2014ko azaroaren 5a
18:50
Entzun

Errealegia dirudielako laztantzen du gezurra Lynne Cohen argazkilariaren lanak (Racine, Wisconsin, AEB, 1944 - Montreal 2014). Baina izan, erabat dira errealak haren argazkietan ageri diren egongela, tiro eremu, ospitaleko gela eta medikuntza ikasgela guztiak. Pertsona bakar bat ere ez da ageri haren irudietan, baina funtsezkoak ziren pertsonak, artistak ere aitortzen zuenez: «Leku konplikatu, misteriotsu eta are ezinezko horietara sartzeko baimena eman zidan jendearen konfiantzarik eta kolaboraziorik gabe, hau guztia ez litzateke existituko». Hain zuzen, leku konplikatu, misteriotsu eta are ezinezko horien bilatzailea zen Cohen, eta argazkilariaren ibilbide osoa erakusten duen atzera begirako erakusketa zabaldu dute orain Bilboko Rekalde aretoan. Urtarrilaren 25era arte egongo da han.

Oin puntetan sartzen zen argazkilaria erretratatu behar zuen lekura; apenas mugitzen zuen aulkirik. Analogikoan lan egin zuen beti, fokurik gabe eta edizio lanik gabe. Eta gehiegizko errealitate horrek bihurtzen ditu leku horiek irreal. Nuria Enguita erakusketako komisarioak ere onartu du: «Misteriotsu bilakatzen zaizkigu gure lantoki, gure bilkura toki eta gure eguneroko espazioak». Klik bat eta arrotz egiten da gertukoa. Eta, hain zuzen ere, berezitasun hori da Cohenen lanaren konstanteetariko bat. «Oso lan koherentea da», dio Enguitak. Baina aldian-aldian moldatu egin behar koherentzia hori lortzeko erabilitako teknika.

Guztira, artistaren 78 argazki bildu dituzte erakusketarako, eta agerikoa da sortzailearen garapena haietan. Zuzenak dira irudi guztiak, eta aseptikoak dirudite denek, baina iruditik irudira bada alderik. Areto barruko hormetan zintzilikatu dituzte 1960ko hamarkadako formatu txikiko zuri-beltzeko argazkiak, esaterako, eta kanpoko hormetan, berriz, 2000. urtetik aurrera egindako kolorezko formatu handiko irudiak. Eta agerikoa da gaien garapena ere. Etxe partikularretako egongelak dira nagusi lehen urteetako lanen artean, eta aldatuz doa tematika gero. Laborategi, prestakuntza zentro eta tiro eremuak ageri dira 1980ko hamarkadako lanetan, eta fabrika eta bainuetxeak 1990eko hamarkadatik aurrerako irudietan. Konstantea argia da, ordea, komisarioaren hitzetan. «Jaques Tatiren eta Michel Foucaulten artean kokatzen zuen bere burua Cohenek. Continuum horretan kokatzen dira haren lanak». Hots: Mendebaldeko gizartearen kontsumo gaiekiko obsesioaz trufa egiten zuen zinemagile frantziarraren eta boterearen mekanikak ikertu zituen pentsalariaren artean.

Komisarioak aurkeztu du paradoxa: gizakirik ageri ez den arren, agerikoa da gizakiaren presentzia Cohenen lanetan. «Etengabekoa da antropomorfismoa erretratuetan: manikiak, oheak, anda gurpildunak, kamuflatze jantziak...». Zuzenean sekula agertu ez arren, zeharka ageri da gizakia irudietan. «Auraz beteta erretratatzen zituen berez inolako aurarik gabekoak diren objektuak». Eta argazkilariaren hitzak dakartza gogora Enguitak haren lan egiteko modua deskribatzeko: «Niri ez zait gustatzen ikusleari ukabilkada bat ematea, baizik eta arreta handiagoz begiratu behar duela ohartaraztea».

Susmoaren itzala

Euskal Herrian ere izan zen lanean Cohen, eta Iruñean ateratako argazki pare bat ere badago horregatik erakusketan. Ez da hiri horri buruzko aipamenik ageri inongo oharretan, eta erabat anonimoak dira bertan erretratatutako irudiak ere; aulki batzuk baino ez. Iruñearen aipamenik ageri ez den arren, ordea, Iruñea ageri da da bertan. Argazkilariak ez zuen maite irudian ageri ziren lekuen zehaztasun gehiegi ematerik. Baina zehatz ezagutzen ditu Andrew Lugg argazkilari eta Cohenen senargai ohiak argazki guztiak, eta ziur dio hark irudikoa Iruñea dela. Iruñea erabat anonimoa, baina Iruñea.

Maiz lagundu zuen emaztea Luggek argazkiak ateratzera, eta sakon ezagutzen du haren lana. Intuizioa nabarmendu du. «Kanadan zabalik da hari buruzko beste erakusketa bat orain, eta haren kritika bat irakurri nuen orain gutxi. Argazkietako lekuak estudioan eraikitzen zituela zehaztu zuen kritikariak, baina hori ezinezkoa da. Milionario izan beharko bailuke leku horiek guztiak eraiki ahal izateko! Maiz gertatu zaizkio halakoak, jendeak pentsatzen baitu lekuak estudioan eraikitzen zituela, baina Lynnen [Cohenen] jenioaren parte zen gune horiek antzeman eta sentitzeko gaitasun hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.