Hilberria. Lucian Freud

Errealismoaren azken jenioa

Ainhoa Sarasola.
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Modelo gisa zegoen pertsonaren buruan sartzen zen, eta haren irudi fisiko eta psikologikoa eraikitzen zuen oihalean Lucian Freud margolariak. Haren xehetasun txikiena ere margotzen zuen, artistaren eta modeloen arteko harreman estuaren ideia bat ematen duena. Pintura figuratiboaren eta hiper-errealistaren azken jenioa zen. Atzo hil zen, Londresen, 88 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz, haren arte salerosleak jakinarazi duenez. «Margotzeko bizi zen, eta hil zen egunera arte margotu zuen, artearen munduko zaratatik aparte», haren hitzetan.

Berlinen jaio zen, 1922an; Sigmund Freud psikoanalistaren biloba zen. Hamar urte zituela, nazismoa hastapenetan zela, Londresera aldatu zen familiarekin. Oso gazterik erakutsi zuen arterako zaletasuna, eta Londresko hiru eskolatan egin zituen arte ikasketak. 21 urterekin aurkeztu zuen bere lehen erakusketa. II. Mundu Gerraren ostean, Frantziara eta Greziara bidaiatu zuen, gero Londresera arte eskolak ematera itzultzeko.

Bere bidea surrealismoaren ildotik hasi bazuen ere, muturreko errealismoa jorratu zuen bere ibilbide oparoan. Londresko Eskola izenarekin ezagun egin zen artista figuratiboen taldeko kide izan zen, Francis Baconekin batera. Hari eginiko erretratu bat dago haren lan ezagunenen artean, autoerretratu batekin batera. Baina bi emakume dira haren lan ezagunenetako protagonistak. Kitty Garman lehen emaztea erretratatu zuen Girl With a White Dog (1951–1952) obran, eta Sue Tilley gizarte laguntzen gainbegiratzailea Benefits Supervisor Sleeping (1995) lanean. Margolan hori 33,6 milioi dolarren truke erosi zuten 2008an New Yorkeko enkante batean, eta bizirik zegoen Erresuma Batuko margolari kotizatuena bilakatu zen. Jende ezezaguna zein ezaguna pintatzea maite zuen —Elizabeth II.a erregina ere margotu zuen behin—. Gutxitan onartzen zituen enkarguzko lanak, eta haren obrak mundu osoko galerietan ikus badaitezke ere, bilduma pribatuetan daude gehien-gehienak. •
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.