Museoen eta artisten arteko harremana egonkortu egiten da hainbatetan. Tokia atsegina egin, eta sortzaile batzuk lotuta geratzen dira hara, lantzean behin proposamen artistiko berri batekin itzuliz. Bilboko Guggenheim museoarentzat, Jenny Holzer da horietako bat: instituzioarekin hasieratik egon da bat eginda artista estatubatuarra, museoaren inauguraziorako propio egin baitzuen Installation for Bilbao (1997) obra, eta, ondoren, bere beste hainbat pieza eta erakusketa hartu ditu Guggenheimek. Zerrenda horri beste obra bat gehitu zaio orain: Like beauty in flames lana, museoaren enkarguz egina.
Holzerren ibilbideari erreparatuta, teknologia digitalak haren jardun artistikoaren oinarrian daude, eta horiek garatu ahala txertatu ditu bere lanetan. Berdin egin du, oraingo honetan, errealitate areagotuarekin, eta bide berri horren fruitua da, hain zuzen, Bilboko museoak ikusgai jarri duen pieza. Esku hartze artistikoa ez da begi bistakoa: antzemateko, sakelako telefonoan aplikazio zehatz bat instalatu behar da —halere, txartel grafiko batzuk ez direla gai programa abiarazteko—. Aplikazioa QR kode bidez eskuratu daiteke, museoaren webgunean eta eraikinaren hainbat puntutan kokatuta dagoena.
Behin programa instalatuta, Guggenheim eta inguruetako mapa bat ageri da, puntu moreekin adierazita dauden kokapen batzuekin. Dagokiona aukeratu, eta hitzak, esaldiak edota poemak agertuko dira proiektatuta, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez: atondoan hitzez osatutako suge antzeko bat ariko da flotatzen eta bihurritzen, eta ahapaldi batzuk igaroko dira zorutik; museoaren pareko Salbeko zubitik, aldiz, poema batzuk ikusi ahal izango dira titanioaren gainean kokatuta. Hainbat autoreren poemak erabili ditu Holzerrek proiektuan: besteak beste, Anna Swirszczynskarenak, zeina baiten piezari izena ematen dion ahapaldia.
Orokorrean, hiru esperientziatan banatu dute proiektua: lehenengoa museoan bertan garatzen da, eraikinaren hiru solairuetan barreiatuta baitaude interakzio puntuak; bigarrena kanpotik jaso daiteke, titanioan proiektatuta ageri diren hitzei esker; eta badago, hirugarrenik, museoaren eraikinak baldintzatu gabeko esperientzia bat ere, aplikazioari esker edozein tokitik ikus daitekeena.
Hitzak oinarrian
Teknologia berriekin biribilduta dauden arren, teknologia zaharrenetako batek josten ditu Holzerren lanak, oro har: hitzak. Lekha Hileman Waitoller komisarioak azpimarratu duenez, «Holzer ezaguna da artea egiteko testuak erabiltzeagatik; lengoaia bere obraren ardatza da». Dioenez, bere lana publikoarentzat irisgarria izatea du jomuga artistak, eta horregatik du teknologiak halako pisua bere lanean. Horiek horrela, museoak eskuratu berri duen pieza «berritzailea, demokratikoa eta bakarra» iruditzen zaio. Halaber, arkitekturarekin jolasten du usu Holzerren obrak, eta kasu honetan ere beste horrenbeste egiten duela nabarmendu du komisarioak.