Argazkilaritza

Errealitate bikoiztuak

Sandro Miller argazkilariak omenaldia egiten die argazkilaritzaren historiako izen handiei, Donostiako San Telmo museoan gaurtik zabalik dagoen erakusketan. Millerrek hainbat argazki ikoniko berregin ditu, John Malkovich aktorearen laguntzaz.

San Telmo museoko erakusketan ikusgai dauden hainbat argazki. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko irailaren 13a
21:09
Entzun

Sandro Millerrek 16 urterekin jakin zuen argazkilaria izan nahi zuela, Irving Pennen lana deskubritu zuenean. Argazkilaritzaren historiako artista kanonikoen liburuekin hasi zuen prestakuntza, autodidakta moduan neurri handi batean. Eta munduko publizitate argazkilaririk onenetakotzat hartzen dute egun. Hiru hamarkada geroago, bere lanean eragina izan zuten sortzaile horiei guztiei omenaldia egiteko gogoa piztu zitzaion, eta gogo horren emaitza da Sandro Miller. Malkovich, Malkovich, Malkovich. Argazkilaritzako maisuei omenaldia izena daraman erakusketa. Haien guztien hainbat argazki ikoniko berregin ditu Millerrek, aspaldiko laguna duen John Malkovich aktorearekin batera. Donostiako San Telmo museoko Labortegian jarri dute irudi sorta ikusgai, eta gaurtik azaroaren 17ra arte bisitatu ahalko da.

Irving Penn, Bert Stern, Dorothea Lange, Robert Mapplethorpe, Annie Lebovitz, Diane Arbus, Richar Avedon eta beste hainbat artistaren irudiak berregin ditu Millerrek. Azaldu duenez, irudi bakoitza sakon aztertu du, xehetasun guztiak bere horretan jaso nahian. Eta gaineratu du ezinbestekoa izan dela Malkovichek erretratuetako pertsonaia bakoitzaren larruan jartzeko egin duen lana . Millerren irudietan, Truman Capote, Marilyn Monroe, John Lennon, Alebrt Einstein, Che Guevara eta Andy Warhol bihurtuta ageri da aktorea, beste askoren artean. Erakusketan umore ukitua ageri bada ere, argazkilariak adierazi du proiektua oso serio hartu zutela, bai berak, bai Malkovichek, eta “perfekzioa” bilatu dutela une oro.

“Errealitatearen bikoizketa bat ematen da irudiotan”, gehitu du Anne Morin diChroma Photographyko zuzendari eta erakusketaren komisarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.