Literatura

Errealitatea azaltzeko ikuspuntu etikoaren bila

Hamar egile Mendebaldeko Alemanian 1977an izandako gertaeren konplexutasuna azaltzen saiatu ziren 'Deutschland im Herbst' filmean (Alemania udazkenean).

Sorkuntzaren eta etikaren arteko loturaren inguruko kezka zuten Deutschland im Herbst-en egileek. Z / BESTEAK.
estibalitz ezkerra vegas
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Eskain dezake zinemak errealitateari buruzko ikuspuntu etikoa? Zein izango litzateke halako planteamendua aurrera eramateko generorik aproposena? Bi galdera horiek buruan zituztela ekin zioten lanari Deutschland im Herbst (Alemania udazkenean) filmaren osaketan parte hartu zuten zuzendariek 1978an. Hamar zinemagile ziren guztira: Heinrich Boll, Hans Peter Cloos, Rainer Werner Fassbinder, Alexander Kluge, Maxmiliane Mainka, Edgar Reitz, Katja Rupe, Volker Schloendorff, Peter Schubert eta Bernhard Sinkel. Filmaren ardatza, berriz, 1977an Mendebaldeko Alemanian jazotako Hanns-Martin Schleyer enpresariaren eta RAF Armada Gorrien Frakzioko hiru kideren heriotzaren ingurukoak azaltzea zen.

1977ko irailaren 5ean RAFek Alemaniako Industrien Federazioko presidente Schleyer bahitu zuen Kolonian. Hura aske uzteko baldintza zen Mendebaldeko Alemaniako gobernuak kartzelan zeuden RAFeko hamar kide zein Turkian preso zeuden bi palestinar jarraitzaile libre uztea. Gobernuak negoziatzeko asmorik ez zuela ikusita, PAFP Palestinaren Askapenerako Fronte Popularraren laguntzaz, Lufthansa konpainiako hegazkin bat bahitu zuten RAFekoek urriaren 13an,eta Arabiar penintsulan bueltaka ibili ostean (tartean Juergen Schumann kapitaina hil egin zuten), Muqdishon (Somalia) lurreratu ziren. Urriaren 18an, Siad Barre Somaliako presidentearen baimena jaso ostean, Mendebaldeko Alemaniako gobernuak hegazkina menpean hartu zuten, eta operazioan bahitzaileetatik bakarra atera zen bizirik. Horren ondorioz, RAFek Schleyer hil egin zuen. Bulegoa Stuttgarten zuen albiste agentzia bati eman zioten abisua bahitzaileek, eta enpresariaren gorpua hurrengo egunean aurkitu zuen Poliziak, Mulhose inguruan (Frantzia), Audi 100 auto bateko maletategian sartuta. Gau hartan bertan, kartzelan zeuden RAFeko hiru kide, Gudrun Ensslin, Jan-Carl Raspe eta Andreas Baader) hilda aurkitu zituzten beren ziegetan. Baader eta Rasp tiro batekin hil ziren; Ensslin, berriz, urkatuta. Gobernuak hasitako ikerketaren arabera, presoek beren burua hil zuten, baina ez zegoen argi armak nola iritsi ziren haien eskuetara. Azken batean, segurtasun handiko presondegia zen hura. Pistolak haien abokatu Arndt Muellerrek pasatu zizkiela esan zuten orduan, nahiz eta hori ere sinestea zaila gertatu.

Deutschland im Herbst proiektuan parte hartu zuten zinemagileek argi zeukaten filma ikusi ostean 1977ko krisiaren gainean ikuspegi konplexua eta askotarikoa izan behar zutela ikusleek. Alemaniarrei gogorarazi nahi zieten historia iraganeko gertaerak eztabaidatzeko eta deskribatzeko modua dela, eta, oroz gain, historia ezin dela ezkutatu. Nazismoaren eragina presente zegoen 1977ko gertaeretan. Horretarako, filma ataletan antolatzea erabaki zuten, zinemagile bakoitzak haietako baten ardura hartuta.

Deutschland im Herbst aztertzeko orduan, Klugek zuzenduriko atalari eman ohi diote kritikariek pisu gehien. Klugek tragediaren aldeko apustua egiten du bere atalean, formaz zein edukiz. Horren arabera, alemaniar gazteei klasikoak irakasteko programari jarraituz, Sofoklesen Antigona tragediaren telebistarako egokitzapen lanen ingurukoak azaltzen zaizkigu. Behin grabaketak bukatuta, egokitzapena telebistako buruei eta Kultura ministroari aurkezten die lana zuzendariak, baina hauek ez diote egokitzapenari onespenik ematen, beldur baitira ikusleek Sofoklesen tragedia une horretan Mendebaldeko Alemanian gertatzen denaren alegoriatzat jotzea. Antigona terroristen defendatzaile moduan ulertua izatea eragotzi asmoz, lanaren emisioa bertan behera uzten dute egoera baretu arte.

Alabaina, Bonnie Honig Northwesterngo (AEB) irakasleak esaten duen bezala, tragediak arazo bat du: heroi bat behar du beti, boterean dagoenari aurre egingo diona, baina boterearen kontzeptua zalantzan jarriko ez duena. Tragedian norbaitek jarri behar du ordena. Eromena denean jaun eta jabe, terrorismoa nagusitzen denean, dela estatuarena dela talde independenteena, heroientzako tokirik ez dago. Bestalde, ez da ahaztu behar Hitlerrek izugarri miresten zuela antzinako Grezia, haren arabera ulertzen baitzuen (alemaniar) nazioa: klasikoa, hilezkorra, loriatsua. Totalitarismoaren hitz gakoak.

Melodramaren alde

Askozaz interesgarriagoa da Fassbinderren melodramaren aldeko apustua. Ekintza eta pertsonaia heroikoei bizkarra emanez, bere atalean gertaerek zinemagilearengan berarengan duten eragina azaltzen du. Fassbinder mutil-lagunarekin duen apartamentuan babesten da hedabideen zein Poliziaren jazarpenetik. 1977ko gertaerek erabat paranoiko, baita malenkoniatsu ere, bihurtu dute. Mutil-laguna gaizki tratatuz saiatzen da bere frustrazioa arintzen, baina badaki horrek ez duela ezer konponduko. Ezin du bere egoera aldatu, ezta iragana ere. Fassbinder ez dago terroristen alde; higuina ematen dio hegazkinaren bahiketak. Baita errugabeen bizitzarekin horrela jokatzeak ere. Baina ez da boterean dagoen gobernuaren aldekoa ere. Nola ukatu hildakoaren familiari hileta eskubidea. Zinemagile moduan, bere ardura nagusi eta bakarra orduko eromena ulertu eta hortik ihes egiteko moduak bilatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.