Zinema. Fantasien gatibu
Errealitatearen iruzurra
Gaur, Nosferatu zikloan, Felliniren atzera begirakoa hasiko da Luci del varietá (1950) lanaren bitartez. Asteazkenero zinemagile italiarraren filmak ikusi ahal izango dira Donostiako Antzoki Zaharrean. Pedraza eta Lopez Gandiaren ustez, Fellini italiar zuzendaririk artistikoena da zalantzarik gabe. Italiako errealismo berria nagusi zen garaian hasiko zen zinema egiten, baina argi zegoen Felliniri txiki geratzen zitzaiola zinema ulertzeko eta egiteko modu hura. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europa hondatuta geratu zen, eta Rossellini, Visconti eta De Sica moduko egileek kamera kalera aterako zuten hezur-haragizko jendea grabatzeko asmoz. Profesionalak ez ziren aktoreekin lan egingo zuten hasiera batean, eta gerra osteko errealitate krudela jasoko. Germania, anno zero (1948) filmean mutikoak bere buruaz beste egiten duenean, zinemak inozentzia galduko zuen betiko. Zinema klasikoa errealista eta naturalista kontsideratzen zen, ez baitzen egilearen eskua sumatzen, eta mundura irekitako leihoa zirudien. Hollywoodek ez zuen zinemak sortutako ilusioa suntsitzeko asmorik. Italiarrek irudikapena ahalik eta fidelena izatea nahi zuten, baina Fellini ez zegoen ados errealismo berriaren teoriarekin. Felliniren aburuz, errealitatea ez dago hor kanpoan, kameraren begiradaren bidez eraikitzen da. Lengoaiarik gabe ez dago mundurik, eta Fellinik muturreraino eramango zuen bere mundu ikuskera. Filosofoak errealitateak ezkutatzen duen egia deskubritzen saiatu ziren, baina italiarrak argi dauka errealitatearen atzean ez dagoela ezertxo ere. Epifaniak eta agerpenak dira irudikapen oro hobekien islatzen dutenak; errealitatea eta fantasia, eta munduaren eta norberaren arteko mugek ez dute zentzurik. Felliniren lanetan begirada da garrantzitsuena, eta begiradak ezin du inoiz objektiboa izan. Zer da zinema? galderari erantzuten saiatu zen Andre Bazin; Felliniren kasuan, zer da errealitatea? galdetu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu