Errebeldiaren kostua

Mozambiken grabatu du Mikel Ardanaz zinemagile iruindarrak 'Flores silvestres', lehen film luzea

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pertsona eta gizartea. Inguratzen duen errealitatea eraldatu nahi duen banakoa, eta dagoenari zutik eusten dioten mekanismo sozialak. Horiek jarri ditu aurrez aurre Mikel Ardanaz zinemagileak (Iruñea, 1964) lehen film luzean,Flores silvestres (Basaloreak) izenekoan. Mozambiken grabatu du, hango aktoreekin eta hango istorioekin. «Errebeldia da filmeko gaietariko bat», dio. «Baina gizartea aldatzeko ilusioak eta askatasun gose horrek kostu bat izaten dute beti, oso kostu handia». Eta hori da filmaren ardatza; aldaketaren aldeko bi emakumeren borroka eta borroka horren kostua.Atzo estreinatu zuen filma, Iruñean, Afrika behar-beharrezkoa jardunaldietan.

Dokumentalak egin ditu orain arte Ardanazek, eta, fikzioa izan arren, asko du haren azken lanak ere dokumentaletik. Argia da pertsonaiak bizi diren gizartea deskribatzeko asmoa, Afrikaren arazoen argazki bat egiteko nahia. Abiapuntua ere, gainera, dokumental batean du filmak. «Kongon ginela erabaki nuen fikziozko istorio afrikar bat kontatu nahi nuela», azaldu du, «gerran bortxatu zituzten neska batzuk elkarrizketatzen ari ginela». Hala, ez da harritzekoa filmaren oinarrian bi emakumeren historia egotea.

Oukellele da bi pertsonaia nagusietako bat, eta Luanda haren laguna da bestea. Bi horien bitartez ezagutzen du ikusleak Mozambikeko gizartean emakumeek betetzen duten rola. Ezkontzari, sexuari, ugalketari edo semeak izatearen garrantziari buruz izaten dituzten elkarrizketei esker.

«Oso gizarte egitura zailen barruan daude filmeko emakumeak, baina eutsi egiten diete beren ilusio eta ametsei, hala ere». Hori da bi protagonisten kasua. Gerra garaian ama bortxatu egin zutelako jaioa da Oukellele, adibidez, eta hiesa duelako du ama ospitalean. Harentzako botikak erosi ahal izateko, antzerki talde batekin ibiliko da lanean herriz herri, jendea enpresa multinazionalen ondorioz sorturiko ingurugiro arazoez sentsibilizatzen. Ilusioari eutsi, bai, baina ez da txikia horregatik ordaindu beharrekoa.

«Eta zertarako balio dute gure antzerkiek?». Galdera hori egiten diote aktoreek beren buruari filmaren pasarte batean, beren lanaren zentzuaz gogoeta egiten ari direla. Ez dute ondorio argirik ateratzen. Bai, ordea, enpresa multinazional batek: ez du inolako oposiziorik nahi, eta neurriak hartuko ditu. Aktoreak kontratatu dituen gobernuz kanpoko erakundeko buruaren pasibotasunaz baliatuta, poliziak bidaliko ditu haien aurka. Jipoitu, torturatu eta umiliatu egingo ditu antzerki taldeko bi kide.

Ustelkeria, maila guztietan

Izan ere, ustelkeria da Ardanazen filmean ageri diren konstanteetako bat. Eroskeria. Eta behin eta berriz egin behar izaten diote aurre bi protagonistek horri. Botiken truke, erizain batek eginiko sexu proposamena onartu behar izaten du, adibidez, Ulandak.

Maila guztietan ageri da ustelkeria filmean, Ardanazek dioenez, oso ageriko errealitatea delako. Filmaketa jarri du adibidetzat; polizia ustelen filmaketari buruzko pasartea, hain zuzen ere. «Baimen guztiak jasoak genituen filmatzen hasi ginenerako. Baina, hala ere, ondoko herritik bi polizia etorri zitzaizkigun, guztiz mozkorturik haietako bat, filmarekin jarraitu ahal izateko diru eske».

Pausatua da kontaera, eta zaindua da argazkia. Filmaketa, baina, ez da erraza izan. «Afrikan egindako edozein filmaketa abentura bat da, eta hau ez da izan salbuespena». Asko izan dira gorabeherak, eta gertatu ahala joan behar izan du ezustekoak lanean barneratzen.

Mozambikeko jendea izan du laguntzaile Ardanazek gidoia egiteko orduan, eta, dioenez, «oso film afrikarra» egin duela aitortu diote. «Haiena da filmean kontatu dudan istorioa. Egunero bizi duten zerbait da, baina han oso film gutxi egiten direnez, gutxitan ikusi dute beren errealitatea besteren begiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.