Zinema. Estreinaldiak

Erredentzioaren bila

Sari garrantzitsuak eta oso oso aldeko kritikak jaso ditu Paddy Considineren 'Tyrannosaur' dramak

Peter MullanTyrannosaur filmean .
Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Iazko Donostiako Zinemaldian gehien txalotutako pelikuletakoa izan zen Tyrannosaur. Zabaltegi sailean aurkeztu zuten, eta ez zuen inongo saririk eskuratu, baina ikusi zuten gehienek gogoz goraipatu zuten Paddy Considineren pelikula gordin hau.

Beste hainbat lekutan sari ospetsuak eskuratu ditu: esate baterako, British Independent Film Awardsen pelikula eta zuzendari onenaren sariak irabazi zituen. Halaber, Sundanceko zinemaldian, epaimahaiaren sari nagusia eraman zuen.

Erresuma Batuko zinema sozialaren barruan dago Tyrannosaur. Pelikula gordin eta grisa da, eguneroko errealitateari oso lotuta dagoena. Joseph alargun alkoholikoa da, oso pertsona bortitza. Izan duen liskar baten ondorioz, Hannah ezagutuko du, eta, horrekin, erredentziorako aukera sortuko zaio.

Hannah oso emakume erlijiosoa da, oso bizimodu lasaia duena. Hasieran, Josephek barre eginen dio horri guztiari, baina berandu baino lehen ohartuko da horren atzean asko sufritzen duen pertsona gorabeheratsu bat dagoela. Oztopo guztien gainetik haien arteko harremanak aurrera eginen du, eta modu horretan biak ohartuko dira adiskidetasuna eta amodioa lekurik ilunenetan ere agertzen ahal direla.

Peter Mullan aktore eta zuzendaria da Tyrannosaur-eko protagonista nagusia, eta oso kritika onak jaso ditu bere interpretazioagatik. Aktore beteranoa da Mullan, eta, besteak beste, Ken Loachekin egin du lan. Hain zuzen ere, harekin egin zuen My Name is Joe-k ekarri zion nolabaiteko ospea. Orduz geroztik, Erresuma Batuan zein Estatu Batuetan egin izan du lan. Bere azken lanen artean Steven Spielbergek zuzendu duen War Horse dago.

'TYRANNOSAUR'

Zuzendaria: Paddy Considine.

Aktoreak: Peter Mullan, Olivia Colman, Eddie Marsan, Ned Dennehy, Sally Carman, Samuel Bottomley.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2011.

Iraupena: 91 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.