Errepresioaren lekuko

Herri maputxeak jasaten duen jazarpena du ardatz nagusi Asel Luzarragaren 'Gezurra odoletan' eleberriak

Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) seigarren nobela du Gezurra odoletan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gezurra odoletan eleberria Txileko herri maputxeak pairatzen duen errepresioaren isla izan zedin nahi zuen Asel Luzarraga idazleak, eta horixe izan du ardatz. Luzarragaren ustez, kultura maputxera gerturatzen den pertsona «zerbaiten» susmagarri bihurtzen da Txilen. Horregatik, liburuan dokumentazio lan txukuna agertzeko asmoz bidaiatu zuen herrialde hartara. Idazleak nabarmendu duenez, Txilen bizi izandakoak hango errealitatea nolakoa den jabetzeko balio izan dio. «Errepresioa ezagutzeko eta gauzak nola egiten dituzten ikusteko lehen eskuko aukera izan nuen».

Gezurra odoletan eleberriak (Txalaparta) lau pertsonaia nagusiren bizipenak kontatzen ditu. Eleberrian txandakatu egiten dira kide bakoitzak dituen abenturak. Guztien ezaugarria gatazka pertsonalak dira. Hala ere, Luzarragarentzat «garrantzia» duen beste kontu bat etika arazoak dira. «Errugabe eta errudun izatearen kontzeptua, adibidez. Bi horiek zalantzan jartzea atsegin dudan kontu bat da», azaldu du idazleak.

Pertsonaietako bat euskalduna da. Jon du izena; Internet bidez Vero ezagutu du, eta harekin elkartzeko helburuarekin doa Temukora (Txile). Jon kontzientzia politikorik gabeko gizonezkoa da; Vero, aldiz, kontzientzia handiko emakumea. Bigarrenak karga politiko nabarmenagoa duenez, idazleak Vero erabili du gazte batek izaten dituen kezkak islatzeko.

Hirugarren pertsonaia Hugoda, eta, idazleak dioenez, bi mundu batzen ditu: landa eta hiri eremuak, alegia. Alde batetik, maputxea da; bestetik, gazte punk, anarkista eta okupa. «Badauka gatazka pertsonal bat: zertan inplikatu behar den, edo maputxeen borrokan edo bere lagun anarkistek dituzten liskarretan». Laugarren pertsonaia Omar fiskala da. Luzarragak azaldu du fiskalaren irudiak mendeku pertsonalak hartzeko balio izan diola: «Nire atzetik bi fiskal izan nituen: bata Omar Merida, eta bestea Sergio Moya. Eleberria nolabait mendekua hartzeko ere erabili dut».

Nobelako lau protagonistei gertatzen zaizkien abenturez gain Txileko kulturaren isla ere bada eleberria, bertako gizartearen irudia erakusten baitu Lazarragak. Herrialdeko alderdi «klasista eta matxistaren» ispilua Omar fiskala izan daiteke. Haiek europarrei begira bizi direla dio idazleak. «Jende asko bizi da Europari begira, eta gauza on guztiak handik datozela uste dute».Jatorri indigena harrotasunez erakusten duen kidea, berriz, Hugo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.