Erresuma Batuko Gobernuak atzera egin du eta baztertu egin du egile eskubideak errespetatzen ez dituzten webguneak epaileen aginduz blokeatzeko aukera. Neurri hori iaz onartutako Ekonomia Digitalaren Legean jasota dago, baina hura garatzeari uko egin dio gobernuak, Ofcom EBko telekomunikazio erregulatzaileak egindako txostena jaso ondoren. Ofcomen arabera, legeak webguneak blokeatzeko ezarritako prozesua luzea eta zaila izango litzateke, eta antzua berehala sortzen eta desagertzen diren webguneen kasuan.
Horrez gain, halako neurriak arautzeko beharrik ez dagoela dio Ofcomek, joan den astean gertatutako kasu batean oinarriturik. Motion Picture Association elkarteak eskaturik, epaitegi batek BT telekomunikazio enpresa behartu zuen bere bezeroei deskarga ilegalen webgune baterako (Newzbin2) sarrera blokeatzera. Erabakia Ekonomia Digitalaren Legea aplikatu gabe hartu zuen epaileak, eta horrek zalantzak piztu zituen webguneen blokeatzea legez arautzeko beharraz. Hori gabe ere webguneak indargabetzeko bideak badaudela ondorioztatu du gobernuak, Vince Cable Negozio eta Berrikuntza ministroak azaldu duenez.
Neurria bertan behera uzteko erabakiak EBko musika industriaren gaitzespena jaso du. Fergal Sharkey UK Music elkarteko buruaren esanetan, «beren diskoak finantzatzen dituzten milaka artistek, legearen babesaz gozatu nahi badute, milioiak eta urteak beharko dituzte beren lana auzitegietan babesteko».
Ekonomia Digitalaren Legeak, baina, webgune horietako erabiltzaileak gutunez ohartarazteko neurria jasoko du. Espainian eta Frantzian antzeko neurria ari dira aplikatzen. EBko erabiltzaileen kasuan, gutun horretan egile eskubideen inguruko argibideak emango dizkiete erabiltzaileei, baita «legezko edukiak aurkitzeko» webguneen berri ere.
Cablek iragarri du egileen eskubideak babesteko legean aldaketak egingo dituztela; herritarrei gauzak errazteko eta hazkunde ekonomikoaren mesederako, haren hitzetan. Ordenagailuetan eta iPodetan disko konpaktuak erabilera pribaturako kopiatzea legezkoa izango da aurrerantzean, eta artista batek beste baten obraren parodia egiten badu (esaterako, YouTuben), ez da copyright-aren aurkakotzat joko.
Erresuma Batuak baztertu egin du webgune ilegalak blokeatzeko neurria
Atari horietako erabiltzaileei gutunez ohartaraziko diete, Ekonomia Digitalaren Legeak jasotzen duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu