Steven Soderberghek zur eta lur utzi zuen zinema mundua martxoan, laster batean erretiroa hartuko zuela iragarri zuenean. Nonbait, nekatuta dago, eta hori izan da tamainako erabakia hartzeko arrazoi nagusia. Nolanahi ere, berehala etorri ziren zehaztapenak; batetik, aldi baterako erretiroa izanen da; bestetik, oraindik amaitu gabe dituen bi proiektuak bukatutakoan hasiko du bere atsedenaldi luzea. Bi film horiek Liberance, eta Man for U.N.C.L.E. dira; Matt Damon eta Michael Douglasekin bata, George Clooneyrekin bestea. Horiez gain, oraindik Haywire filma ere estreinatzear du.
Bere ibilbide artistiko oparoan zuzendari estatubatuarrak bide propioa segitzeko joera izan du beti, Hollywoodeko morrontzatik urrun. Oso gazte egin zen ezagun. Bere lehen pelikula Sex, Lies and Videotapes izan zen; film horrekin Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen, eta AEBetako zinemagintza independentearen mugarri bihurtu zen.
Hortik aurrera, zinemagilea proiektu komertzialak eta pertsonalak uztartzen saiatu izan da. Lehenengoen artean daude bere pelikularik arrakastatsuenak, Traffic, Ocean's Eleven eta ondoren etorri ziren beste biak, eta Che Guevarari buruzko film bikoitza. Horien mailara ailegatzen ez diren oso pelikulakomertzialak ere egin ditu, Erin Brokovich, Julia Robertsekin, edo Out of Sight, Jennifer Lopezekin, adibidez. Horiekin batera, molde independentea ez du alde batera sekula utzi nahi izan, eta aurrekontu txikiko film interesgarriak ere egin ditu, Bubble edo The Girlfriend Experience, esate baterako.
George Clooney lagun handia du; harekin Section Eight ekoizpen etxea jarri zuen martxan, eta elkarlan horretatik hainbat film arrakastatsu atera ziren 2000ko hamarkadan: Ocean's Eleven, Syriana eta Good Night and Good Luck. Matt Damonekin ere harreman estua du, eta aktoreak Steven Soderberghen pelikula askotan egin du lan.
Birusa eta izua
Contagion-ekin zientzia fikzioaren generoan murgildu da Steven Soderbergh, baina pelikula ez da efektu berezi txundigarriak dituen istorio horietako bat. Aitzitik, 70eko hamarkadan egiten ziren filmak izan ditu gogoanzuzendariak; horren ondorioz, ez du su artifizial askorik behar izan.
Oscar saria eman zion Traffic-en egin zuen moduan, honako hau ere elkar gurutzatzen diren pertsonaia eta istorio askoren nazioarteko collagea da. Egitura hori dela eta, aktore ezagun asko elkartu ditu proiektuaren inguruan: haren lagun min Matt Damonekin batera, Gwyneth Paltrow, Jude Law, Kate Winslet, Marion Cottilard eta Laurence Fishburne, besteak beste.
Arrazoi garbirik gabe, birus bat hasiko da bat-batean mundu osoan zabaltzen. Egun gutxiren buruan, hainbat herrialdetako jende asko hilko da, eta izua bazter guztietara ailegatuko da. Medikuak erlojuaren kontra hasiko dira lanean, txerto bat aurkitu nahian. Bien bitartean Interneten bitartez balizko sendagaiaren inguruan informazio faltsuak sortuko dira.
Zientzia fikziokoa izanda ere, azken hamar urteotan munduan gertatu diren antzeko alarmen itzala ikusten ahal da Contagion-en. Zuzendaria begirada hotza izaten saiatu da; haren esanetan, gehien interesatzen zaiona da aztertzea zer-nolako mekanismoak jartzen diren martxan gisa horretako mundu osoko hondamendi baten inguruan. Alde batetik, nola jokatzen duen komunitate zientifiko eta politikoak; bestetik, herritarren artean zer-nolako erreakzioak pizten dituen halako egoera batek.
'CONTAGION'
Zuzendaria: Steven Soderbergh
Aktoreak: Matt Damon, Kate Winslet, Gwyneth Paltrow, Marion Cotillard, Jude Law, Laurence Fishburne, Bryan Cranston, Jennifer Ehle.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 106 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Azaroaren 9an estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Erretiroaren atarian
Steven Soderbergh zuzendariak aktore ezagun asko jarri ditu elkarrekin lanean 'Contagion' zientzia fikzioko filmeanAzken urteotan munduan gertatu diren osasun alarmen oihartzuna dago filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu