Erakusketa

Erretratu psikologikoak

David Hockney artista ingelesak azken urteetan egindako 82 erretratu bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak ‘David Hockney: 82 erretratu eta natura hil 1’ erakusketan. Bihar irekiko ditu ateak eta 2018ko otsailaren 25era bitarte izango da ikusgai.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko azaroaren 9a
13:14
Entzun

Erakusketaren izenak berak azaltzen du zer gordetzen duen: Hockneyk egindako 82 pertsonaren erretratuak bildu dituzte. Senideak eta gertukoak dira denak: bere anai-arrebak, adiskideak, haginlaria, fisioterapeuta... “Argazkigintzak bai, baina nik ez ditut pertsona ospetsuak irudikatzen. Nire pertsonaia ospetsuak nire lagunak dira. Erretratu bakoitza behaketa sakon baten emaitza da eta ikerketa psikologiko bilakatzen da, nolabait”. 80 urte bete berri ditu artistak (Bradford, Erresuma Batua, 1937), eta duela bost urte hasi zen erretratuak egiten.

2013tik 2016ra bitartekoak dira sorkuntza guztiak eta prozesu bera erabilita margotu zituen: margolan guztiek dute tamaina bera, aulki berean eserita daude pertsona guztiak eta hiru eguneko epean egin zituen. “Baldintza berdinetan margotu zituen denak”. Edith Devaney erakusketaren komisarioaren arabera, pertsona bakoitzaren izaera jasotzen dute erretratuek. “Pertsonak ez dira era berean agertzen argazkietan eta margolanetako erretratuetan. Argazki bat ateratzen duzunean, adibidez, irribarre egin dezakezu une batez. Baina erretratuak egiteko hiru egun ematen zituen Hockneyk erretratatzen zuen bakoitzarekin, eta hiru egunez keinu bera mantentzea ezinezkoa da”.

Komisarioaren irudia ere egin zuen artista ingelesak, eta ikusgai dago Bilbon. “Ez dizkizu loreak botatzen. Ikusten duena margotzen du eta onartu egin behar duzu”, azaldu du Devaneyk margolanari begira. “Berak beti esaten du pertsona bakoitzaren izatearen zati bat besterik ez duela islatzen margolanetan. Bigarren bat eginez gero, beste alde bat margotuko luke”.

Lehen aldiz jarri dituzte erretratu guztiak areto bakarrean ikusgai, komisarioaren hitzetan. “Inoiz ez ditugu denak galeria bakarrean erakutsi, eta, akaso, aukera bakarra izango da hau”. Aldez aurretik ere egona da Hockneyren lana Guggenheim museoan. Paisaia lanak jarri zituzten ikusgai 2012an, ‘David Hockney: ikuspegi zabalago bat” erakusketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.