Errimaren David Bowie-ak

Hamabost bertsolari ariko dira Bertso Egunean, larunbatean, egokitzeko gaitasuna aintzat hartuta

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bi begien kolore desberdinarengatik ez ezik, garai eta espazio desberdinetara egokitzen jakiteagatik ere deitu izan diote kameleoia David Bowie rock musikari ingeles handiari. Bowieren berri ez zuen izango ziur asko Lazkao Txiki bertsolariak, baina hark ere bazekien zer edo zer bizitzaz. Pertsona inteligentea zer den galdetuta, «egoera eta leku desberdinetara egokitzen dakien hura» erantzun zuen.

Bertsolariaren eta kameleoiaren izaeren eta jarreren artean antzekotasunak badirela jabetuta, aurtengo Bertso Eguna animalia aldakor horren inguruan antolatu du Bertsozale elkarteak. Kameleoia izango da Bertso Egunaren irudia, eta hamabost kameleoi izango dira oholtzaren gainean, hamabost David Bowie. «Narrastiak azalaren kolorea moldatzen du inguruaren baldintzetara egokitzeko, eta bertsolaria ere horretan saiatzen da dituen baliabideak saioaren baldintzara moldatuz», ondorioztatu dute aurtengo saioa antolatzen jardun dutenek. Julio Soto, Jokin Castaños, Unai Gaztelumendi eta Jone Uria bertsolariak eta Egoitz Aizpuru eta Alaitz Rekondo gai-jartzaileak aritu dira ideia eta ekitaldia lantzen.

Elementu ugari daude saioa baldintzatzen dutenak, horien artean publikoa eta espazioa dira beharbada nagusiak. Eta moldatzeko instrumentuak ideien joskera, ahotsa, tonua eta gauza berriak egitera atrebitzea. «Bertsolariak, bitarteko gutxirekin, eremu askotara moldatzen jakin izan du. Hori, bertsolariek, ustekabean edo nahita, kameleoiarena egin dutelako izan da».

Zaleak oholtzan

Azken urteotako ohiturari jarraituz, bi atal edo ekitaldi izango ditu Bertso Egunak. Bi ordu inguru iraungo du arratsaldeko ekitaldiak (18:00), Donostiako Kursaaleko Areto Nagusian egingo denak. Hamabost bertsolari izango dira guztira Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpururen esanetara, eta aldarte eta baldintza desberdineko saioak irudikatuko dira eta entzungo dira. Honakoak izango dira bertsolariak: Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza.

Antolatzaileek ekimen berezi bat prestatu nahi izan dute aurtengo ekitaldirako, arratsaldeko ekitaldia oholtzatik bertatik gozatzeko aukera emango baitiete 50 bertsozaleri. Ez zaie ezer berezia egiteko eskatuko, eta saioa bertsolarien ondoan ikusteko aukera izango dute. Atzora arte 30 bat lagunek egina zuten eskaera. Saioa oholtzatik ikusi eta entzun nahi duenak 943-69 41 29 telefono zenbakira deitu beharko du, edo [email protected] helbidera idatzi beharko du.

Gaueko saioan afaria eta festa izango dira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bi saio izango dira. Bertso musikatuak eskainiko dituzte Arrate Illarok, Jone Uriak eta Itxaso Paiak Gibelurdinek musika taldearekin batera. Egunari amaiera Jokin Urangaren eta Iñaki Gurrutxagaren bertso jarriek emango diote.

Lehen Bertsolari Eguna 1968an egin zuten, eta Manuel Uztapideri omenaldia egin zioten. Bertsozale Elkarteak, sorrera-sorreratik, 1987an bere gain hartu zuen egun hori, eta 1995ean Bertsolari Egunaren norabidea aldatzea erabaki zuen elkarteak. Omenaldien aroari amaiera eman, eta Bertso Egunari ateak zabaldu zitzaizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.