«Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik», idatzi zuen JosAnton Artzek. Poema horrek adierazten duen ideia hartu dute oinarri Errobiko Festibaleko antolatzaileek aurten, Itsasuk (Lapurdi) hamaseigarrenez hartuko duen jaialdia prestatzeko. «Ohiturekin iturriak ez dira sekula urrun. Ohiturazko musikak badu hori; zure baitan duzu integratua, urrunetik heldu da eta jendearen aitzinean ateratzen da. Hor martxan dituzu zure izatea, zure arbasoen izatea, zure herriko herritarrena», Jean Christian Irigoien akordeoilariaren hitzetan. Ohiturazko doinuak eta inprobisazioa uztartuko dituzte etzitik igandera bitarte. Ohi bezala, euskal musikariekin batera beste herrialdetakoak elkartuko dira, eta Afrikako doinu eta dantzak izango dira aurten protagonistak. Besteak beste, Germaine Acogny dantzari senegaldarrak ikuskizuna eskainiko du ostiral gauean.
Iragan larunbat iluntzean festibalaren atariko kontzertu bat eskaini zuten Duzunaritzeko Gamia ostatuan (Nafarroa Beherea). Inprobisazioa izan zen oinarria, eta Bernard Lubat Bordeleko jazz musikaria izan zuten lagun.
Euskal Herrian, Afrikan... iturrien bideetan leloa hautatu dute festibalerako. «Erran nahi dugu zerbait sentitzen dugula Afrikako populuekin ere. Kantuak, dantzak, halako indar bat, energia komun bat sentitzen ahal da populu horiekin», Irigoienek azaldu duenez. Aurreko urteetan musikagile eta dantzari afrikarrekin landutako loturak daude, beraz, egitarauaren oinarrian, eta Acogny da jaialdiko izen nagusietako bat, dantza afrikar modernoaren aitzindaritzat hartua dena. 1968an dantza afrikarreko lehen estudioa zabaldu zuen Dakarren, eta ondotik, Frantzian hainbat urtetan lan egin eta bizi ostean, sorterrira itzuli zen, Senegalen Afrikako Dantza Tradizional eta Garaikideen Zentroa zabaltzeko. Handik zuzenean etorriko da Itsasura.
Mahai inguru bat antolatu dute etzi arratsalderako, jaialdiari hasiera emateko. Acognyk Ablaye Cissoko musikari senegaldarrarekin eta Monica Passos kantari brasildarrarekin partekatuko du mahaia, afrikako dantzei buruz hitz egiteko. Ostiral gaueko protagonistak haiek izango dira, nork bere ikuskizuna erakutsiko baitu, emazteei eskainitako gauean. Musika elektronikoa eta akustikoa nahasten dituen ikuskizuna izango da ostean. Baina aurretik izango da zer entzun. Etzi iluntzean jaialdiko lehen emanaldia eskainiko du Hamed ben Mahi dantzariak, Beñat Axiariren ahotsak eta Yan Renaut bateria jotzaileak lagunduta. Baionako Yaninga taldeko kideek euskal afro jazz estiloko doinuak eskainiko dituzte horren ostean, jendea dantzan jartzeko asmoz. «Hori interesgarria da, zeren Euskal Herrian normalean behar luke lotura inportante bat dantza eta musikaren artean, eta Afrikan gehiago egiten da», Irigoienen ustez. «Ohiturazko musikak dira; gu ere Euskal Herrian horretan gara, hori interesatzen zaigu».
Inprobisazioaren garrantzia
Dantzak leku garrantzitsua izango du jaialdian. Acognyren emanaldiaz gain, Chrysogone Diangouaya Kongoko dantzariarena ikusi ahalko da, besteak beste. Le Diwan de Biskrak desertuaren espiritualtasuna eta trantzearen indarra erakutsiko ditu bere doinu eta dantzekin, txalapartarekin tartekatuz. Hain zuzen, afrikar eta euskal doinuen uztartzeak ere izango du bere tokia. Azken egunean, mendira joko dute jaialdiko kide guztiek; poesia, musika, dantza eta bestelako adierazpideak nahasiz emango diote amaiera. Bihartik ordura arte, hitzaldiak, ikastaroak eta doako ikusgarriak ere izango dira Itsasun.
Jaialdiaren garrantzia azpimarratu du Irigoienek, Euskal Herrian inprobisazioa lantzeko aukera eskaintzen duten leku gutxi daudela eta. «Ez da ahantzi behar inprobisazioa oso laborategi inportanta dela anitz gauzarendako, ohiturazko musikarendako ere bai. Ohiturazko musikak behar du inprobisatzearen indarra bederen, eta, alderantziz, inprobisazioa janzten da ohituraz».
Errobiko Festibalak Euskal Herria eta Afrikaren arteko zubia eraikiko du
Itsasuko jaialdia etzi hasiko da, eta Germaine Acogny dantzari senegaldarra izango du gonbidatuen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu