Musika Hamabostaldia

Erromantizismoa izango du ardatz Ganbera Musika zikloak

Raquel Andueza sopranoak eta Carlos Mena kontratenorrak hartuko dute parte zikloan, esaterako. Antzinako Musika zikloan, berriz, Trio Nacedo eta Susana Garcia de Salazar arituko dira, besteak beste.

Raquel Andueza, Patric Alfaya, Susana Garcia de Salazar eta Susana Soto, gaur, San Telmo museoan. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 4a
17:45
Entzun

Laster jarriko dira martxan Donostiako 84. Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika eta Ganbera Musika zikloak; izan ere, bihar hasiko da Antzinakoa, eta hilaren 10ean, Ganberakoa. Bost kontzertuk osatuko dute ziklo bakoitza, eta San Telmo museoan izango dira denak, 20:30etan. Raquel Andueza sopranoak, Carlos Mena kontratenorrak eta Susana Garcia de Salazar piano joleak parte hartuko dute, besteak beste.

Erromantizismoko musika izango da Ganbera Musika zikloko protagonista nagusia. Hain zuzen ere, XVIII. mendetik XX. mendera doan eskaintza zabal bat izango da entzungai. Abuztuaren 10, 13, 17, 21 eta 23an izango dira zikloko emanaldiak, San Telmo museoko klaustroan, eta Euskal Herriko eta Espainiako bakarlari eta taldeak entzuteko aukera egongo da egun horietan guztietan.

Cuarteto Trifoliumek irekiko du zikloa, abuztuaren 10ean, hari laukotearentzat idatzitako piezen errepaso batekin. Hilaren 12an, Francisco Fernandez-Ruedak emango du kontzertua, beste bost euskal musikarirekin batera: Andoni Mercero biolinistarekin, Susana Garcia de Salazar piano jolearekin eta Trio Nacedo hirukotearekin —Lidia Sierra, Ines Moreno eta Clara Muñoz—. Musika britainiarrean oinarritutako On Wenlock Edge programa aurkeztuko du seikoteak. 17an, Cuarteto Bretonen txanda izango da. Tomas Breton konpositorearen obra bat interpretatuko dute, eta Brahms hari laukotearen laguntza izango dute horretarako. 21ean, hiru emakume bakarlariren harien doinuek beteko dute museoko klaustroko oholtza: Judith Jauregi piano jolearenak, Soyoung Yoon biolin jolearenak eta Nadege Rochat biolontxelo jolearenak. Josu de Solaun piano jolearen eta Adolfo Gutierrez Arenas biolontxelo jolearen emanaldiarekin emango diote amaiera zikloari, hilaren 23an. Gutierrez Arenasek, gainera, Schumannen, Schuberten eta Francken obrak biltzen dituen Loss & Love izeneko bere azken diskoa aurkeztuko du.

Antzinatik, gaur egunera

1991ean antolatu zuen lehen aldiz Antzinako Musika zikloa Donostiako Musika Hamabostaldiak, eta jaialdiko ziklorik arrakastatsuenetako bat izatera heldu da. 25 urtez baino gehiagoz, Santa Teresa komentuak hartu zituen zikloko kontzertuak, baina komentuaren itxieragatik, San Telmo museora lekualdatu behar izan zuten. Europako antzinako musikako bakarlari eta talde nabarmenenak entzuteko espazioa da bilakatu da, urteotan, jaialdiko egunetan. Horietako bostez disfrutatzeko aukera egongo da, bihartik hasita hilaren 27ra arte. Nazioarteko taldeak Euskal Herriko interpreetekin batera arituko dira oholtza gainean, hala nola Raquel Andueza sopranoarekin eta Carlos Mena kontratenorrarekin.

Tercia Realidad taldeak emango dio hasiera Antzinako Musika zikloari, bihar, Jorge Jimenez biolin joleak gidatutako emanaldi batean. Farinelli konpositoreari egingo dio keinu, biolinerako piezak interpretatuz. Etzi, hilaren 9an, Brezza taldearen txanda izango da. Barrokoko inprobisazioaren tradizioan oinarrituko da Basilean sortutako taldea. Lehen aldia izango da bientzat Hamabostaldian, eta ikusleentzako dagoeneko ezagunak diren taldeen aurretik arituko dira.

Izan ere, Raquel Andueza sopranoaren txanda izango da hilaren 11n, eta aspaldiko ezaguna da jaialdian. Pozik agertu da bertan kantatzeko aukeraren aurrean, txikitatik joan izan baita zikloko kontzertuak entzutera. La Galania taldearekin batera eskainiko du emanaldia, Italiako eta Frantziako barrokoaren arteko truke eta eraginak erakusten dituen Seguace d’amore programa interpretatuko dute. Hilaren 19an, Carlos Mena kontratenorrak hartuko du lekukoa, Daniel Zapico tiorba jotzailearekin batera; XVI eta XVII. mendeetako doinu frantsesen transkripzioak eskainiko dituzte. Zikloaren itxiera, jaialdian berria den beste talde batek egingo du: Vivid Consorte taldeak. Hiru austriar musikarik osatzen dute, eta beren ahotsekin uztartzen dituzte txirula doinuak, errenazimenduko musika oholtza gainera ekartzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.