Musika

Erronka titanikoa gauzatuko du EGOk

Euskal Herriko Gazte Orkestrak Mahler-en 1. sinfonia interpretatuko du, Titán izenekoa, udako 19. denboraldi honetan.

Erakundeetako ordezkariek gaur aurkeztu dute EGOren denboraldia. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 8a
13:26
Entzun

Aurkezpen ekitaldia gaur izan da, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde eta EGO Fundazioko lehendakariorde Joxean Muñozek eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxa entitateetako ordezkariek lankidetza hitzarmena sinatu dute, 19. urtez.

Musikari gazteen artean EGOk betetzen duen funtzioa nabarmendu du Muñozek. Orkestrak "profesionaltasunaren atarian jartzen ditu gazteak"; musikaren merkatua geroz eta globalagoa eta lehiakorragoa da, eta EGOk gazteak lehiakorragoak izan daitezen erreminta pedagogikoak eskaintzen ditu, beste hautagai batzuek dituzten aukera berberak izan ditzaten. Talde sinfonikoetan sartzea zaila dela adierazi du Kultura sailburuordeak, eta, Juan Jose Ocon orkestra zuzendariaren hitzetan, "oso garrantzitsua da gazteei orkestran jotzen erakustea"; izan ere, solista izateko aukera gutxi sortzen dira.

Musikariei "kalitatezko prestakuntza" eskaintzea da orkestraren eginkizuna, baina BBK, Kutxa eta Vital Kutxak egiten duten ekarpena ere azpimarratu du Muñozek. EGOk 19 urteko ibilbidea egin du, eta "hasieratik babestu dute kutxek, ez da gauza puntuala". Ibilbide horretan orkestrak 150 kontzertu baino gehiago egin ditu, dozena-erdi herrialde bisitatu ditu, eta 120.000 entzule erakarri dituzte urte hauetan orkestran egon diren 1.200 ikasleek.

Hazten eta aurrera egiten

Gazteak profesionaltasunera bideratzeko asmo horretan, fundazioak egitarau konplexu baten aldeko apustua egiten du, gazteek errepertorio profesional eta klasikoa izan dezaten. Oconen hitzetan, "obra handiak" egin izan dituzte, baina "in crescendo" joan nahi dute, eta, helburu horrekin, Mahleren 1. sinfonia interpretatuko du orkestrak Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Hondarribian. Obra bereziki konplexua dela esan du orkestrako zuzendariak, baina gazteak oso motibatuta eta prestatuta daudela adierazi du.

Udako denboraldi honetarako Catalin Bucataru eta Anna Siwek aukeratu dituzte biolin irakasle izateko. Biola irakaslea Paul Cortese da, eta Gabriel Mesado biolontxeloen kargu dago. Kontrabaxuan Gabriel Leon ibiliko da, eta perkusioan, Javier Alonso; haizezko instrumentuen irakasleak Herve Michaud eta Oscar Abella dira, bata zurezkoena eta bestea metalezkoena. Bartzelonako goi mailako Liceu kontserbatoriotik, Musikenetik eta Nafarroako, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoetatik datoz irakasle horiek.

Juan Jose Ocon izango da zuzendaria, eta topaketa Eibarko hezkuntza esparruan izango da; honako egitarau hau izango du:

Uztailak 16: Bilboko Euskaldunan, 20:00etan.

Uztailak 18: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Uztailak 19: Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan.

Uztailak 20: Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan.

Gainera, nobedade bezala, Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren patronatuak aholkularitza artistikorako batzorde bat osatuko du. Batzordeak hiru eta hamar kide artean izango ditu, eta denak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ospe handiko musikariak izango dira. Musika jarduera profesionalaren aldez aurretiko prestakuntzan laguntzea eta gazteen artean musika balioak sustatzea izango da batzordearen helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.