Errorearen apologia

Bidarten sortu zuen Man Rayk bere bigarren filma, eta haren arrastoen atzetik doa Oskar Alegria zinemarako bere lehen laneanApirilean estreinatuko du 'La casa Emak Bakia' Buenos Airesko zinema jaialdian

Man Ray artistak 1926an Emak Bakia filma sortzeko erabili zuen Bidarteko izen bereko etxea, Alegriaren dokumentaleko irudi batean . OSKAR ALEGRIA / EMAK BAKIA FILMS.
Inigo Astiz
Bidart
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Emak Bakia. Agindu moduko hori zen Man Ray artistak Bidarten (Lapurdi) bizitokitzat izan zuen etxearen izena. Han grabatu zuen bere bigarren filma 1926an, eta etxearen izena jarri zion izenburu gisa. Ez zen alferrikako hautua. Jarrera estetiko oso bat laburtzen zuen esaldi hark. Erabateko askatasuna nahi zuen Rayk, eta erabateko askatasunean sortu zuen bere pelikula Bidarten. Filmeko plano batek laburbildu dezake haren proposamena. Hartu zuen kamera eskuetan, jarri zuen grabatzen eta airera jaurti zuen beldur handirik gabe. Nekez hori baino askatasun handiagorik zinemagile batentzat. Eta libertate ber horrekin aritu da Oskar Alegria zinemagilea ere (Iruñea, 1973) bere bigarren zinema lanean Rayren urratsen atzetik. Urteekin jatorrizko izena galdu du Bidarteko etxeak, eta hiru urte eman ditu Alegriak haren bila. Bilaketa eta berreskuratze horren kronika egin du La Casa Emak Bakia (Emak Bakia Etxea) izeneko dokumentalean. «Lorpena ez da etxea aurkitu izana, baizik eta haren inguruan aurkitutakoak. Etxeaz harago dagoena da interesatzen zaidana». Apirilaren 11n hasiko den Buenos Airesko Zinema Independenteko Jaialdiko Sekzio ofizialean estreinatuko du lana orain, eta Donostiako Zinemaldian izango da irailean.

Estropezuaren defentsa da Alegriarena; errorearen apologia. Bere kasuan, gehien-gehienetan helmuga ez da aitzakia bat baino, eta desbideraketetan aurkitzen du benetan kontatu nahi duena. Bidarteko hondartzan ari da BERRIArekin hizketan, Rayren zinema laborategi izan zen etxerako bidea erakusten ari dela. Lerro zuzenei izkin eginda, erbiaren modura joan da bere filma osatzen eta hala ematen ditu azalpenak ere: urrats bat aurrera, bi ezkerrera, hiru eskuinera, berriz aurrera... «Hori da nire gidoia», dio. «Zinepoema» deitu zuen bere lehen filma Man Rayk. Eta Alegriaren lana ez da gutxiago. 1926ko filma eta Emak Bakia etxearen bilaketa dira filmaren ardatza, baina Alegriari nahikoa zaio bidean aurkitutako edozein pista hari segika hasi eta kontaketa aberasteko. Kasualitatea da bere bide orri nagusia. «Artxibo guztietan bilatu nituen etxe hari buruzko datuak, baina ez nuen ezer ere aurkitu. Zoria eta haizea baino ez zitzaizkidala gelditzen ohartu nintzen orduan, eta haiei segika jarraitu nuen bilaketa».

Harrigarria da filmean egiten dituen desbideraketa horietan topatutako pertsonaien zerrenda. Hilda omen dagoen pailazo bat, kontzentrazio esparruetan izandako bizilagun bat, baita Vladimir Nabokov idazlearen lehengusina izateaz gainera bere herrialdeko ping-pong txapeldun izandako 94 urteko Errumaniako printzesa bat ere: Maria Despina zu Sayn-Wittgenstein. Haren aitonak eraiki zuen etxea Bidarten, errege izandakoak, errumaniar jauregien estilora. «Arduraz nazkatuta zegoen, eta askatasun gogoz heldu zen hona», azaltzen du Alegriak. Horregatik, etxearen izena. «Haren iloba da nik ezagutu dudana; printzesa. Hiru eta lau urterekin egin zuen lehen bisita Emak Bakia-ra, eta 93 eta94 urterekin bigarrena». Zoriak batu ditu bien bideak. Bakoitza bere kasa zebilen etxearen bila. Gurasoekin pasatako uden hondakinen peskizan printzesa, eta Rayren arrastoaren atzetik Alegria.

Lurperatutakoak berpizten

Berreskurapen lan bat da funtsean berea. Arrakasta izan duen erreskate bat. Filmaren erdian aurkitzen du etxea iruindarrak, baina horrek ez du esan nahi pelikula bukatu egiten denik. Iazko irailean itxi zuen zirkulua. Bidarteko etxearen egungo jabeekin hitz egin, eta atarian eraikinaren jatorrizko izena jartzean. «Desagertzear zen orain ehun urteko izen bat salbatzea izan da nire lana. Eta hori da zinemaren magia, nire ustez. Izen horri arnasa eman, eta biziberritu egiten duzu». Bere egiten ditu Alvaro Cunqueiro idazlearen hitzak: «Lurperatzen ditugun gauzetariko asko ez daude hilda». Hori izan da Emak Bakia-ren kasua, behintzat. «Pelikula zaharrekin bi motatako zaharberritzeak egin daitezke. Izan daiteke berreskuratze kimiko bat, Pompidou zentroak orain hamabost urte egin zuena bezalakoa, edota egin liteke zaharberritze espiritual bat, nik nire lanarekin egin nahi izan dudana bezalakoa. Lehen zaharberritze mota egiteko nitratoa behar da. Bigarrenerako aski da zoriak eraman zaitzan uztea».

Olatuak irakurtzen

Errorea baliatzen zuen Rayk ere bere sorkuntza prozesuetan, Alegriak dioenez. Baina ez zuen luze iraun zinemagintzan. Lan batzuk egin, eta utzi egin zuen. Handia zen haren askatasun egarria. «Zineman libertatea mugatu egiten ziotela uste zuen. Jende asko mugitzen zuen film batek, baita diru asko ere, eta, Rayren ustez, ez zen jatorrizko ideia errespetatzen. Indibidualista zen, eta sortzailearen bakantasun horren aldarrikapena da haren zinema». Paraleloan aritu da bera ere. «Nire filmean ere ez dago inongo enpresaren sostengurik, eta ez dago logotiporik ere. Rayren filosofiari jarraitu diot nik ere. Aurrez aritua naiz telebistan lanean; ezagutzen ditut haren muga estuak, eta badakit zer den askatasun falta hori. Nik ere lan honekin nire egin dut aldarria: emak bakia».

Rayren aldarri hura bere egin duen jende multzo bat ere biltzen du Alegriak filmean. «Etxea aurkitzen ez nuen bitartean, haren izen bera zuten gauzekin jostatzea erabaki nuen». Italian izan da, horregatik, Emak Bakia izeneko arropa denda bateko jabea elkarrizketatzen. Emak Bakia Baita izeneko taldeko sortzaile izandako Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika ere elkarrizketatzen ditu filmean, baita Migala musika talde madrildarreko bi kidek sortutako Emak Bakia bikotea ere. Haiek izan dira, gainera, musikaren egileak, eta Bidarteko etxeak egiten dituen zaratak erabili dituzte horretarako.

Alegriak gogoratzen duenez, Miarritzen (Lapurdi) hasi zuen bilaketa. Errorez. Rayk idatzitako memorien gaztelerazko itzulpenean herri hori ageri zen etxearen kokapen gisa. Frantsesezko ediziora heltzean konturatu zen, ordea, etxea ez zegoela Miarritzen, Miarritze ondoan baizik. Hondartzaz hondartza aritu zen, horregatik, pelikulan ageri zen hondartzaren irudia eskuetan zuela. Urte pare bat behar izan zituen etxea aurkitzeko, baina filma bukatzean jakin zuenez askozaz ere motzagoa suerta zitekeen bidea. Edizio lanak bukatzen ari zela surflari batzuei erakutsi zizkien Rayk filmatutako itsasoaren irudiak, eta hondar arrastorik ikusi gabe ere identifikatu zuten txuri-beltzeko irudi haren jatorria. Aski izan zuten olatuekin. «Hori Bidart da». Berriz ere estropezuaren alde mintzo da Alegria. «Suerte bat izan zen surflari haiekin lehenago topo egin ez izana. Gauza mordoa galduko nituzkeen bestela». Hor froga: errorea da batzuetan erantzun zuzena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.