Errusiako eskolako musika zuzenean entzuteko aukera izango da bihar eta etziKursaal Auditoriumean, Donostiako Hamabostaldiaren programazioaren barruan, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoaren eta haren zuzendari titular Iuri Temirkanoven eskutik. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira.
Biharko emanaldian Sergei Prokofieven Iban izugarria emango dute San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak eta Iuri Temirkanovek, Donostiako Orfeoiaren, Nikolai Burov kontalariaren, Ketevan Kemoklidze mezzosopranoaren eta Dmitri Lavrov baritonoaren laguntzarekin. Sergei Eisensteinen izenburu bereko filmeko musikarako sortu zuen Prokofievek Ivan izugarria. Filmak 1547 eta 1584 artean Errusiako tsar izan zen agintariaren bizitza gorabeheratsu eta gogorradu oinarri. 1942an estreinatu zen lehen zatia eta 1945ean bigarrena, baina bigarren hori ez zen Iosif Stalinen gustukoa izan, eta estreinatu eta gero ez zen berriro ikusi 1958ra arte, Stalin hil zenetik bost urte pasaturik zirela ordurako.
Etziko kontzertuan, Nikolai Rimski-Korsakoven Errusiako Pazko Handia obertura, Max Bruch-en Biolinerako lehen kontzertua eta Piotr Illitx Txaikovskiren 6. sinfonia, Patetikoa deitutakoa, eskainiko dituzte, Saiaka Xoji biolin jotzaile bakarlariaren laguntzaz. Patetikoa deitutako sinfonia 1893an idatzi zuen Txaikovskik, hil baino bederatzi egun lehenago, eta Errusiako musikaren historiako lanik ezagunenetakoa da.
Iuri Temirkanovek zuzenduta
Errusiako eskolaren ordezkari ezaguna da Iuri Temirkanov orkestra zuzendaria. Haren ibilbide arrakastatsua estu lotuta egon da beti San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak egindakoarekin. 1967an egin zuen debuta taldearekin, eta 1988az geroztik da haren zuzendari titularra, Eugeni Mravinskiren lekukoa hartu eta gero. Ez da Hamabostaldian parte hartzen duen aurreneko aldia; 1993ko ekitaldian Donostian izan zen, orduan ere San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa gidatzen.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Errusiako giroetan
Herrialdeko egileen lan ezagunak emango ditu San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoak bihar eta etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu