Francisco Escuderok (Zarautz, 1912, Donostia, 2002) harreman estua izan zuen Zarautzekin, eta herriak ez du ahaztu musikagilearen lan askotarikoa eta berritzailea. Horrela, abuztuaren 13an Escudero jaio zela ehun urte beteko direla ospatzeko, Zarauzko Udalak musika, artea eta argazkilaritza lantzeko ekitaldi ugari antolatu ditu; horrela, urte guztian gogora ekarriko dute musikariaren obra eta izaera. Datorren ostegunean, Escuderoren irudian oinarritutako margoen erakusketa batekin emango diote hasiera egitarau zabalari, eta Zarauzko abesbatzak emango dio amaiera, abenduaren 25ean, musikariaren omenezko Eguberriko meza eskainiz.
Escuderok euskal musika tradizionala eraberritu eta indartu zuen. Harenak dira, esate baterako, Illeta, Pinceladas Vascas eta Eusko Salmoa obrak. Euskal operak ere egin zituen, hala nola Zigor eta Gernika, eta Espainiako Musika saria jaso zuen Zigor obrarekin. Donostian eta Madrilen egin zituen musika ikasketak, eta 1930eko hamarkadan Paul Dukas eta Paul Le Flem musikariekin ikasi zuen, Parisen. Munichen, berriz, Albert Wolf haren irakaslea izan zen. Zarautzera 1948an bueltatu zen, etaDonostiako Musikaren Udal Ikastegiaren zuzendari izendatu zuten.
Escuderoren familiak estreinatu gabeko musikariaren obrak berreskuratu ditu azken urteetan, eta gogor saiatu dira orkestra eta abesbatzekin elkarlanean, musikariaren lana gal ez dadin. Francisco Maria Escudero semeak eskerrak eman dizkie Zarauzko Udalari eta urteurrenaren antolatzaileei, eta, haren esanetan, aitaren obra denen eskura egongo da ekitaldiei esker: «Aitaren lana ezagutzera emateaz gain, bere izaera agerian utziko du urteurrenak. Gehien interesatzen zaiguna haurrentzat antolatutako ekintzak dira, horrela, etorkizunean bere obraren jarraipena ziurtatuko dugulako».
Lehiaketak eta dokumentalak
Musika ez da izango urteurreneko protagonista bakarra. Jaione Eskudero urteurrenaren antolatzailearen arabera, musikaria gogoratzeko egitarau askotarikoa eta zabala bildu dute: «Escuderoren omenaldirako ideia mordoa genuen, eta gogo eta ilusio handiz borobildu ditugu. Denetik aurki daiteke egitarauan, musikariaren lana eta bizitzaren mosaikoa eraikiko dutenak».
Ekitaldien artean, musikariaren bizitza eta lana ikusgai izango da ostiralean, Jose Mari Agirrek zuzendutako dokumental batean. Ondoren, Alberto Iglesias eta Angel Illarramendi musikagileek Escuderoren obrari buruz hitzaldia egingo dute. Duela gutxi berreskuratutako Escuderoren obren partiturak ikusi ahal izango dira dokumentalarekin batera. Horrez gain, Zarauzko Photomuseumen argazki lehiaketa antolatuko dute, eta, ondoren, lanak ikusgai izango dira ekainean. Ramon Serras Photomuseumeko ordezkariaren arabera, ohi baino gehiago luzatuko dute erakusketa: «Escudero eta bere familia oso gertukoa dira, eta benetan pozgarria da musikaria argazkien eta filmen bidez omentzea».
Bestalde, Zarautz Abesbatzak kontzertu ugari eskainiko ditu ekainetik abendura bitartean. Tartean, Zarauzko Hamabostaldian parte hartuko dute, Et Incarnatus orkestrarekin, Pablo Sorozabal boskotearekin eta Europa laukotearekin. Antzerkiak ere lekua izango du urteurrenean, eta Alproja antzerki taldeak Gernika operan oinarritutako Gernika eta txorimaloa ikuskizuna eskainiko du ekainean. Escuderoren semearen iritziz, Zarautzen eta musikariaren arteko lotura islatzen dute ekitaldiek: «Biziki eskertzen dugu aitari egindako omenaldia, herri honekin zuen harremana agerian utzi duelako».
Escuderoren mendeurrena ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte Zarautzen
Musika emanaldiez gain, artea, antzerkia, argazkilaritza eta zinema landuko dituzte urtebetez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu