Erakusketa

Esentzia, kamera geldoan

Bill Viola artista estatubatuarraren hainbat obra jarri dute ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Azaroaren 5era bitarte egongo da zabalik

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko ekainaren 29a
13:41
Entzun

“Denak gara irudi mugikorrak”. Bitarteko elektronikoekin esperimentatu eta artelanak sortzen ditu Bill Violak. 1970eko hamarkaz geroztik dihardu bideoarekin lanean, eta garaiko artista garrantzitsuenen artean dago gaur egun. Jaiotzaren, memoriaren eta heriotzaren arteko harreman bisualak etengabe agertzen dira haren lanetan, eta gizakiaren eraldaketa prozesuetan jartzen du arreta. “Sentipenen barrualdean jartzen du fokoa Billek sorkuntza guztietan, eta, gehienetan, irudiak urrats geldian jartzen dira. Era horretan sentipen horien guztien esentzia azaltzen da begien aurrean”. Hala azaldu du Kira Perov Violaren kolaboratzaileak Bilboko Guggenheim museoak jarri duen erakusketaren oinarria.

Artista estatubatuarraren lanak kronologikoki antolatu dituzte museoan eta era berezian atondu dituzte zortzi galeria: argirik gabe, ilun daude areto guztiak, eta, erdigunean, Violaren ikus entzunezkoak. Erakusketan dauden pieza guztiak bideoz osatuta daude, eta 30 minututik gorako iraupena dute horietako batzuk; Tristanen igaroaldia eta Su emakumea lanak dira horren lekuko. Wagnerren Tristan eta Isolda operarako egin zituen Violak 2005ean, eta erakusteko egokitu zituen, gerora. Soinua gehitu eta pantaila erraldoi batean ikusi daitezke biak orain.

Jaiotza alderantzizkatua lana da erakusketak biltzen duen harribitxietako bat. Piezan, gizon bat ageri da pantaila erraldoi batean, eta likido beltz batekin blai eginda dago. Mugitu egiten da likidoa, gorantz, eta kolorez aldatuko da: gorria, zuria, eta gardenak, azkenik. Violaren arabera, bizitzaren zikloak erakusten ditu lanak. “Giza bizitzaren esentzia bera irudikatzen dute: lurra, odola, esnea, ura eta airea. Jaiotzetik heriotzara arte doan bizitza zikloa irudikatzen du obrak, iluntasunetik argitasunera doan transmisioa”. 2014koa da obra; hain zuzen, Violaren sorkuntzan eraldaketa prozesuek eta jaiotza eta heriotzaren arteko zikloek garrantzia hartzen duten momentukoa.

Hiru hamarkadatan zehar egindako hogeita lau lan bildu dituzte guztira erakusketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.