Gaur zabalduko dituzte Landako guneko ateak Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azoka hartzeko. Aurrekontu apalagoarekin eta krisiak baldintzatuta egingo da aurtengo azoka, baina euskal idazle eta musikariek osatutako lanen eskaintza zabalaren erakusleiho izango da beste behin. Izan ere, krisiari iskin egitea lortu du sorkuntzak, eta 505 nobedade izango dira Durangon; 339 liburu, 85 disko, 30 aldizkari, hogei DVD, bederatzi CD-ROM eta bestelako 22 produktu.
Orotara, 138 eragilek erakutsiko dute beren produkzioa 285 salmahaitan. Iaz baino zazpi mahai gutxiago dauden arren, ez da eragilerik kanpoan geratuko, eta denek izango dute tokia, mahai propioetan edo partekatuetan.
Eguerdian egingo dute inaugurazio ekitaldia, Elkartegian. Maitasunaren arbola, ipuin konferentzia epela izenburupean, erotikari buruz mintzatuko da Joxemari Carrere ipuin kontalaria. Hain zuzen, erotismoa da azokaren gai nagusia. Horren inguruko bi saio antolatu dituzte: jostailu erotikoen erakustaldi bat astelehenean, eta mahai-inguru bat asteartean. Bestalde, Kurdistan da aurtengo herrialde gonbidatua, eta hainbat irakasle eta kazetari kurduk hango kulturaren, hizkuntzaren eta kazetaritzaren berri emango dute hainbat ekitalditan.
Imanol Urbietari emango dio Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria, umeei begirako musika landuz egin duen ibilbidea gogorarazi eta omentzeko. Gaur 20:30ean izango da ekitaldia, San Agustin kulturgunean.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Eskaintza zabala Durangon asteazkena bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu