Irristadak tarteko, bukaera arte azoka zabalik izan zen lehen hiru sailkatuen eskaintzaren artean epaileek zer erabakiko, baina azkenean irristada txikiek ez zuten Enbeita erortzera eroan, eta Etxahun Lekuek eta Jone Uriak finalean egoteko aukera baduten arren -Lekuek handiagoa-, Zornotzako eta Gernika-Lumoko finalaurrekoen zain egon beharko dute. Eskaintza apalagoa izan zen Gorka Lazkanorena, Ibon Ajuriarena eta Xabat Galletebeitiarena, eta finalean sartzea zailagoa dute hiru horiek.
Eta trenak joan egiten dira
«Gaur ere tren geltokira hurreratu zara bera etorriko delakoan, baina gaur ere bakarrik itzuli zara etxera», izan zen kartzelako gaia, neurri eta doinu librean hiruna bertso kantatzeko, bi punturi erantzun eta gero. Maialen Lujanbiok iazko Txapelketa Nagusian bertso doinura ekarritako Martxa baten lehen notak kantaren doinua aukeratu zuen Enbeitak. Azkar eta dotore osatu zuen ariketa. «Behin irratitik entzun ebanez / altxamendua ta zera / serio jarri ta esan eustan / 'maite banoa frontera'. / Beste hainbeste mutil gaztegaz / etorri zana trenera / ez da etorri hainbat urtean / haren barririk etxera», lehen bertsoaren hasieran polit kokatu zuen istorioaren abiapuntua. Bigarren bertsoaren bukaeran hunkidurak ahotsa urratu zion:
Onintza Enbeita
Ia egunero heldu naz hona
ta beti ordu honetan
ohitura edo ilusinoa
zer dan ez dakit benetan.
Lenauko trena ikusten neban
trenbidean urrun ketan
elektrika be sartzen joan da
azkenean trenbideetan
ta hemen nago fosilizauta
legez hanka biak bertan
pena apur bat eta malkoak
daukadaz begi bietan;
halan da guztiz ni bueltetea
nago barriro pentsetan
gurago baitot hemen bilatu
eta ez fosa komunetan.
Enbeitak saioan zehar ideietan izan zuen fintasuna ez zuen beti izan Lekuek. Ariketa bereko lehen bertsoa goitik beherakoa egin bazuen ere, hurrengo bietan ez zuen hainbeste asmatu, nahiz eta lan txarrik ez egin. «Harreman baten murgildu nintzen / hasikeratik pozarren / badakizue maitemin horrek / ze ondorio dakarren. / Lehen urtea ta bigarrena / joan ziren hurren hurren / laugarren eta bosgarren / ez gendun egiten herren. / Abixau barik joan zan nahiz izan / jatorrenetan jatorren / abixau barik era berean / ia ba bueltan datorren». Kartzelako lanean, finalaurrekoetan lehen puntua emanda bina bertso ere osatu behar dituzte bertsolariek, eta bi puntuak gatazka politikoari lotutako gaien gainekoak izan ziren. Gaien bidez eta agurretan maiz hartu zuten ahotan saioan zehar gaia, eta gora egiten zuten txaloek eta oihuek orduan. «X jauna barriro / egunkarietan» izan zuten bigarrena, eta Lekuerena izan zen erantzunik onena: «Isilik egon dana / hasi da berbetan. / Zer gertatu ete zan / orduko urtetan / X nor zan ondo / genkian benetan».
Azken ariketako gaiari gatazka politikotik heldu zion Uriak, adibidez. Saioan gisan, kartzelan, azken puntuetako juzkuetan indartsu aritu zen Uria, baina ez horrenbeste bertsoak josterakoan eta betelanean. Egoerak bultzatuta trena hartu zuen semearen amaren rola jokatu zuen. «Gutxien espero duzunean / itzuliko naiz berriro», esan zion semeak joan zenean, lehen bertsoaren azken puntuan jakinarazi zuenez. Bigarrenean kontatu ohiturak eta ohitura izatera eragindako sentipenak kontatu zituen: «Ta eguneroko ohitura / dut geltokira joatea / esperantzaz itxaroten / noiz zabalduko atea. / Berriro ere ez dator / eta nolako kaltea. / Esan zidan 'zu nire zain / ez egon ama maitea'; / nola gura duzu seme / zure zain ez egotea?». Eta ez zuen amore eman: «Egunero etorriko naiz / nire amets eta borondate / atea ireki eta / bera irtetzen den arte».
Lazkanok, Ajuriak eta Galletebeitiak ofizioetan egin zituzten bertso eta punturik onenak. Saio guztian gora eta behera arituta, ariketaren ala bestetan lan txukuna ere egin zuten. Ajuria kartzelako azken lanean estu ibili zen berbak doinuan ezin sartuta, jokatu zuen rola, 16 urteko gaztearena, erakargarria eta berezia bazen ere.
Finalerako txartelen azokak zabalik jarraitzen du, bi finalaurreko falta baitira, eta hurrengoan, igande honetan, Zornotzan, Iratxe Ibarrari, Arkaitz Estiballesi, Miren Amurizari, Arrate Illarori, Peio Ormazabali eta Eneko Abasolo Abarkas-i dagokie eskaintza egitea.
Sailkapena
LEHEN FINALAURREKOA1.- Onintza Enbeita 545
2.- Etxahun Lekue 538
3.- Jone Uria 526
4.- Gorka Lazkano 493
5.- Ibon Ajuria 486
6.- Xabat Galletebeitia 452