Eskapista bat klasiko bihurtzear

Bonnie Billy 'Prince'-k 'Wolfroy Goes to Town' diskoa aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian gaur

Bonnie Billy Prince musikari estatubatuarra, rocka eta folka gorputz berean. DANIEL CANTA MURGUI / BESTEAK.
gorka erostarbe leunda
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Houdinirik abilena lez, ihesean dabil aspaldian. Musikari eskapista da Will Oldham (Louisville, AEB, 1970). Hark bezala, harridura moduko bat eragiten du, ordea, agertzen den bakoitzeko. Lilura laino bat. Eta sarri agertzen da, modu desberdin eta lausoetan izanagatik zenbaitetan. Eskapista da Oldham, musika sortu eta jo bai, baina bestelako agerpen publiko edo mediatikorik apenas egiten duelako —horrek badu oso ondorio on bat, bai jarraitzaileek eta bai kazetari nahiz kritikariek ere haren musika lan hutsean jarri behar izaten baitute arreta, esan edo egiten dituenetan baino gehiago—.

Eskapista da Oldham, bere ibilbidean zehar hainbat ezizen erabili izan dituelako, bere egiazko nortasunetik ihes egin nahirik bezala (Palace, Palace Songs, Palace Brothers, Palace Music, Bonnie Billy Prince, Bonnie Billy, The Trabblers edota Will Oldham bera). Azken hamarkada pasatxoan Bonnie Billy Prince izenarekin kaleratu ditu diskorik gehienak, baina kolaborazioak ere han-hemenka egin izan ditu arras nortasun desberdineko sortzaileekin (Bjork, Tortoise, Smog, Matt Sweeney, The Cairo Gang, The Picket Line...), eta ez da erraza izaten haren egitasmo edo parte hartze guztien berri izatea ere. Haren emanaldietako batean—oso urriak AEBetatik kanpora— atzemateko parada izanez gero ere, moldatuko da eskapistarena egiteko. Haren kantuek ez baitute izaten sekula forma finko eta betierekorik; aldiro-aldiro antzaldatu egiten ditu, formatu, molde edo tonu desberdinez bildurik eskaintzen baititu, beti zerbait berria sortu nahiko balu bezala. Haren kantuetako zenbait—At Break of Day edota A Wolf Among Wolves, esaterako— ia ezagutu ezinezko bihurtzen dira zuzeneko kantuetan.

Bonnie Billy Prince ezizenera egonkortu da azken hamarkada pasatxoan Oldham, baina ezizen horren azpian sortzaile bat baino gehiago dagoela esatea eta batetik bestera jauzi egiten duela ez da gehiegikeria. Bizar luze edo mostatxa, buru soildu, urdin koloreko begirada galdua. Eta azalkera horren azpian elkarrekin bizi dira musika festa eta parranda moduan hartzen duen musikari satiro umore zalea (Funtown Comedown —Drag City, 2009— diskokoa, adibidez), edertasun melodikoaren bila dabilen arima lirikoa (The Wonder Show of the World —Drag City, 2010— edota Beware,—Drag City, 2009), mendi arteko landetxe urrun bateko atarian bere baitarako musika egiten duena (Ease Down the Road—Spunk, 2001— eta Master & Everyone-ek —Domino, 2003—osatzen duten diptikoa), eta barne arrakalen iluntasunean arakatu nahi duen kantugile malenkoniatsu ia gotikoa (I See A Darkness —Palace, 1999— eta The Letting Go —Spunk, 2006—).

Euskal Herrian izan zen azken aldian ere —birritan egona da; Donostian lehenengo aldiz, eta 2001ko martxoan Oñatin bigarrengoz— ihesean bezala ibili zen. Ozta-ozta iritsi ziren nonbait bera eta beraren musikariak udaberriko igande arrats hartan Oñatiko Gaztelekura (Gipuzkoa), kontzertua emateko ordurako justu-justuan, bazkari legea egiten luzatu ostean, eta azkar batean prestatu behar izan zuten kontzertua emateko. Atzetik Anarik jardun zuen. I See a Darkness disko mugarria kaleratu zuenetik denbora asko igaro gabea zen , eta Ease Down the Road argitaratzear zen. Nekez topatu zezakeen Oñati bezain leku egokirik disko horien arima taularatzeko. Herri txikia, mendiguneen artekoa eta mistika dezentekoa. Kontzertu apartarekin bertaraturikoak liluratu eta joan zen ihesean beste behin. Gaurdaino ez da itzuli gure artera.

Oldham eta mozorro jokoa

Eta itzuli bada, bere mozorro ugarietako bat, edo haietako bat baino gehiago nahasian janzteko aukera bete-betea duelako itzuli da. Urriaren 4an plazaratu zuen AEBetan lan berria, 2000ko hamarkada hasi zenez geroztik ia urtero iraupen luzeko disko bat kaleratzeko ohiturari segida emanez. Wolfroy Goes to Town du izenburutzat disko berriak, eta hilaren amaiera aldera argitaratuko du Europan Dominok. Hala ere, Interneteko zirrikituetan arakatuz topatu litezke ale bakanak. Tentagarria gerta ohi da beti Oldham sustraidun rock anglosaxoiaren klasiko handienekin alderatzea. Eta ez da gezur handirik esaten Gram Parsonsen izpiritu landakoa, Nick Drakeren sentiberatasun lirikoa, Bob Dylanen jario literario nahiz ahots berezia eta Neil Youngen elektrikotasun indartsua bere egiten dituela esanez. AEBetan kaleraturiko hainbat kritikak Youngekin parekatu dute batez ere azken lan hau. Eta badu haren oihartzunik, baina Oldhamen barruko Oldham desberdin horiek osatzen dute jada, eta oroz gain, musikagile estatubatuarraren sorkuntza erreferentzia nagusia. Bera ere klasiko bihurtzear da eta.

Ease Down The Road eta Master & Everyone diskoetako argiaren eta I See A Darkness eta The Letting Go lan ilunagoen arteko bidegurutzeren batean koka liteke Wolfroy Goes To Town. Eskapista da Oldham, baina zail egiten da No Match hegoaldeko baltsaren melodiatik, There Will Be Spring-eko txelotik, edota Quail and Dumplings singlearen folk doinuetatik ihes egitea.

Gaurko kontzertua amaitu aurretik ez al du ihes egingo behintzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.