Eskuz erosi, eskuz margotu

Antonio Lopez pintore espainiarrak barazkiak erosi ditu Iruñeko merkatuan, gero margo tailer bat emateko

Agentziak
Iruñea
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Eskuetan du abilezia Antonio Lopez pintore espainiarrak (Ciudad Real, 1936). Abilezia eta irakaspen ugari. Irakaspen horietako bat eskaintzera etorri da Iruñera. Nafarroako Unibertsitateak gonbidaturik, Figurazioaren erreferenteak lantegia eskainiko du bost egunez, Juan Jose Akerreta eta Jose Maria Mezquita margolariekin batera. Lehen irakaspena goizean goiz eman zuen atzo, ondoren margotu behar dituen natura hiletarako behar zituen barazkiak Zabalguneko merkatuan erosita. Bere eskuekin erosi ere. Berak erositakoa berak egosiko du margoetan, berak pintatuko du. Hoegita hamar ikaslek jarraituko dituzte maisuaren esku mugimenduak, haren irakaspenak. Baina bera ere ikastera datorrela esan du Lopezek. Irakaslea ere ikasle dela.

«Dagoen kalabazarik handiena!», eskatu zuen aurren-aurrena merkatuan. Hamalau kiloko kalabaza bat, zazpi kiloko sandia bat eta haragi hezurrak eskuratu zituen, natura hila egiteko lan tresna modura. «Elementu naturalekin lan egitea beti da osasungarria. Lantegietan mota askotako jendea egoten da. Nonbaitetik abiatu behar izaten da, eta natura hilaklan egiteko aukera ona ematen du». Gisa horretako tailerretan «benetan garrantzitsuena», pintore espainiarraren iritziz, «iritzi trukaketa da», ordea. «Hitza bera da garrantzitsua. Natura hila margotzeko egiten dira, baina margotu egiten dugu gure artean hitz egiteko, arrazoi bat, aitzakia bat, bulkada bat egon dadin eta kontzeptu batzuk gara ditzagun».

'Honoris causa' izendapena

Lantegietan parte hartzen duten ikasleekin izandako harremanek eta komunikazioak «askatasun sentimendua» sortzen diote. «Kasu askotan jada euren lanak egiten dituzten ikasleak dira. Egun batzuetan euren ohiko lantokia utzi eta abentura txiki bati ekiten diote. Niretzat, abentura hori ikustea nik neuk bizitzea bezalaxe da». Kritikari gehienen onespena eta ezin konta ahala sari eta ohore dituen pintoreare horrentzat garrantzitsua da norberaren ohiko espazioetatik ateratzea noiz edo noiz. «Berdin du zein den arrazoia, baina dena arautuegia izaten dugu, eta norbere txokotik irtetea, ihes egitea eta beste espazio bat arnastea aberasgarria da».

Antonio Lopezek honoris causa doktore izendapena jasoko du Nafarroako Unibertsitatean datorren urriaren 27an. «Horrelako gauza baterako» prest dagoen ez dakiela adierazi du: «Ez naiz igaro unibertsitatetik, nire garaian Arte Ederretako ikasketek ez zutelako egun duten maila, baina izendapen hori emateko temati jarri dira, eta ez daukat arrazoirik ezezkoa emateko. Norbaiti balio badio, oso ondo egongo da, eta, akaso, niretzat ere baliagarri izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.