Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko bozeramaileak gaur eguerdian jakinarazi du ez dutela 2016ko Europako kultur hiriburu Donostia hautatzearen izendapena aztertuko, Zaragozakko eta Kordobako hautagaitzek hala eskatu duten arren.
Espainiako Estatutik izendapena lortzeko lehiaren azken txanpara Donostia, Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza iritsi ziren. Epaimahaiak Donostia hautatu zutela esan zuen asteartean, Madrilen, eta Juan Alberto Belloch Zaragozako alkatea oso minduta agertu zen, "Donostian Bilduk gobernatzen duelako". Rosa Aguilar Espainiako Ingurumen ministroa ere erabakiaren kontra azaldu zen; "epaimahaiaren akats handia izan da".
Bellochek erabakia inpugnatzeko aukera aipatu zuen, eta hautagaitzak berriro aztertzeko eska dezala esan zion Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroari. "Azalpenak eskatuz" ministroari gutuna bidaliko ziola zioen Burgosko alkate Javier Lacallek.
"Guztiak ziren oso hautagai onak", zioen asteartean Manfred Gaulhofer epaimahaiko buruak, "baina Donostiak zerbait gehiago du. Indarkeriaren kontrako konpromisoa izan da, hain zuzen, bere ezaugarri nagusi bat, eta elkarbizitzarako kultura erabili behar dela esatea".