Donostia 2016

Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016 salatu du

Kontseiluarekin sinatu zuen hitzarmenagatik salatu du, prozedura akatsak daudelakoan, nahiz eta patronatuko kide izan Ministerioa. Hizkuntza gutxituen kongresu bat antolatzea hitzartu zuten. Alkateak desleialtasuna leporatu dio.

Donostia 2016ko Energia-olatuko laguntzen aurkezpena, otsailaren 25ean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 12a
15:45
Entzun

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gaur goizean salatu du Kultura Ministerioaren jarrera desleiala dela, eta Donostiaren Kultur Hiruburutzaren kontrako erasotzat hartu du. Espainiako Kultura Ministerioa Donostia 2016 patronatuko kide da. "Nabarmena da desleialtasuna, batik bat aintzat hartuta patronatuan sekula ez duela horren berri eman".

Aurreko astean bildu zen patronatua azken aldiz. "Ministerioa 2016ri erasotzen ari da, 2016ren aurka dago". Gaineratu du alkateak Kultura Ministerioak ez duela oraindik erabaki zein izango den bere ekarpena kultur hiruburutzaren proiektuan, ezta epeak ere. Astelehenerako patronatuaren ezohiko bilerara deituko du alkateak.

Izagirrek azaldu duenez, asteazkenean azaldu behar du Kontseiluak hizkuntza gutxituen kongresuaren antolaketa zertan den, eta hilaren amaieran jendaurrean aurkeztekoa zen. Donostia 2016k 400.000 euroko hitzarmena sinatu zuen Kontseiluarekin kongresua antolatzeagatik. Asmo hori kultur hiriburuaren proiektuaren hasieratik dago.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak kongresuaren antolaketa deialdi publiko baten bidez esleitzea eskatu zuten, eta, horregatik, Kontseiluarekin sinatu zuten hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. Izagirrek argitu du hitzarmen guztiak berme guztiekin sinatzen direla.

"Donostia 2016 proiektu bilduma bat da, eta patronatuko kideoi batzuk gehiago gustatzen zaizkigu eta beste batzuk gutxiago. Baina kultur hiriburutzaren ezaugarrietako bat da denok onartzea proiektu hau guztiona dela", nabarmendu du Izagirrek.

Espainiako Gobernuari kultur hiriburutzaren alde edo kontra dagoen azaltzeko galdegin dio, salaketa kendu eta 2016ko bulegoari lana egiten uzteko. "Proiektua ona da, oinarrizkoa, hiriarentzat, lurraldearentzat eta herrialde onentzat, ona".

Ministerioa, "konprometituta"

Espainiako Kultura Ministerioak esan du "erabat konprometituta" dagoela Donostia 2016 Kultur Hiriburutza proiektuarekin, eta horren adibidetzat jarri ditu azken hiru urteotan eman dituen dirulaguntzak. Orotara, 2,7 milioi euro jarri dituela nabarmendu du. 

Kontseiluarekin eginda zegoen hitzarmenak "mamian eta formetan" akatsak dituela adierazi du, eta argudiatu du horregatik jarri duela salaketa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.