«Espazioaren poesia da arkitektura», Xabier Leibar eta Jean Marie Seigneurin arkitektoen ustez. «Guztientzat zabalik dagoen poesia». Hain zuzen ere, poesia molde hori herritarren eskura jartzeko asmoz zabaldu dute Donostiako Okendo kultur etxean Leibar & Seigneurin Architectes argazki erakusketa. Lapurdiko bi arkitektoen azken hogei urteetako lana laburbiltzen du datorren urtarrilaren 29ra arte zabalik egongo den erakusketak.
«Euskal arkitektura garaikidea lantzen duten bi arkitektoren erakusketa monografikoa da»,komisariotzaz, koordinazioaz eta aretoa egokitzeaz arduratu den Pablo Garcia Astrain arkitektoak azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Bordeleko Arc en Reve arkitektura zentro entzutetsuarekin elkarlanean antolatu dute erakusketa. Izan ere, Arc en Reve arkitektura zentroak 2007ko martxoan diseinatu eta aurkeztu zuen lehen aldiz Leibar eta Seigneurinen erakusketa, Architectes d'ici (Hemengo arkitektoak) erakusketa zikloaren barruan. Michel Jaques arkitekto eta eszenografoa izan zen orduan komisarioa, eta oraingoan ere laguntza lanetan ibili da. Hala ere, erakusketa Okendo kultur etxera egokitzeko %50 inguru zabaldu dute.
«Gurea eguneroko arkitektura da, umil samarra eraikuntzarako erabiltzen ditugun bitartekoei dagokienean, baina anbiziotsua hunkitzeko gaitasunari dagokionean», dio Xabier Leibarrek. 75 argazkiz osatutako argazki ilarak arkitekturaren emaitzak baino ez ditu agertzen. «Ez dago planorik, ez lan tresnarik, ez publikoa nahastuko duen ezer. Bukatutako arkitektura erakustea aukeratu dugu, ikuslea arkitekturaren plazerera eramateko». Dominique Delaunay, Serge Demailly, Martin&Zentol eta Vincent Montheirs aritu dira argazkilari gisa.
«Arkitekturaren eraikuntza prozesua lan nekeza, abstraktua eta intimoa izaten da. Guk, aditu ez denari ere arkitekturak eskaintzen dion esperientzia ia fisikoa elkarbanatu nahi dugu», nabarmendu du Leibarrek. Etxebizitzak, ikastolak, hotelak, industrialdeak... mota guztietako eraikin publiko zein pribatuak eraiki ditu Leibar&Seigneurin arkitektura estudioak, «batez ere Iparraldean». «Enkargu apalak jasotzen ditugu, eguneroko hiria osatzen duten eraikinak».
Zentro bat sortzeko bidean
«Inguru ezin zailagoan abiatu genuen gure lana duela hogei urte. Iparraldea oso kontserbadorea zen arkitekturari dagokionez», azaldu dute bi arkitektoek. Marka berezidun bide berria zabaltzeko irizpide bi erabili dituzte eraikinak sortzerakoan: inguruarekiko lotura eta bitartekoen ekonomia. Emaitza lekuko arkitektura garaikidea da. Modernitatearen eta nortasunaren uztartze naturala.
Gaur egun, ez da ohikoa oso famatuak ez diren arkitektoen lanari buruzko erakusketa monografikoak aurkitzea. Garcia Aristrain arkitektoak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza etorkizunean Arkitektura Zentro bat sortzeko aurreazterketa egiten dabil. Leibar & Seigneurin Achitectes erakusketa bera, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eginiko esperientzia pilotu baten parte da.
Garcia Aristrain arkitektoak aitortu duenez, bukatze fasean dago azterketa. Sortuko duten Arkitektura Zentroaren xede nagusia arkitektura sustatu eta hedatzea izango da. «Luze gabe, arkitekturari buruzko erakusketen zirkuitu bat sortzea da gure asmoa, Europako zentro famatuekin elkarlanean».
«Espazioaren poesia da arkitektura, guztientzat zabalik dagoen poesia»
Xabier Leibar eta Jean Marie Seigneurin arkitektoen lana ikusgai jarri dute Donostiako Okendo kultur etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu